2018an Ondarroara bizitzera etorri diren bizilagun berriei ongi etorria eman die Ondarroako Udalak, alkateak eta zinegotziek parte hartu duten saioan. Bertan, herria eta udal baliabideak hobeto ezagutzeko aurkezpena egin dute, eta ekarpen eta galderetarako tartea ireki da. 2018an Ondarroara etorri direnen ikerketaren emaitza ere aurkeztu egin da. “Ondarroa anitza izatea nahi badugu, elkartasun osoz jokatu behar dugu bertara etortzen diren bizilagun berriekin” esan du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
ZER DA HARRERA PROTOKOLOA?
Ondarroara iritsi berrien eta bertako herritarren arteko elkar harreman, ezagutza eta elkarbizitza indartzeari begira urratsak ematen jarraitzeko tresna izan nahi du.
Harrera Protokolo honen helburu nagusia honakoa da: Ondarroara iritsi berrientzat harrera integrala eskaintzea.
Horretarako, ondorengo helburu zehatzak izango ditugu bidai-lagun:
- Ondarroak dituen baliabide eta aukerak kontuan harturik, egungo harrera prozesuen baldintza eta kalitatea hobetzea, elkar harreman eta antolaketa egokiago bat sustatuz.
- Egun harrera eskaintzen duten eragile guztiak eta euren lana barne biltzea eta balioan jartzea.
- Harrera prozesuetako subjektu eta eragile gehiagoren inplikazioa sustatzea: gaur egun parte hartzen duten eragileez gain, ikuspegi integralagoa izateari begira eragile, sail eta eremu gehiago biltzea protokolo honen baitan, baita maila pertsonalean harrera gaietan inplikatzeko prest egon daitezkeen norbanakoak ere.
- Ondarroara iritsi berri diren herritarren beharretatik abiatutakoa izatea, errealitate eta ikuspegi ezberdinen aniztasunari erantzunak emateko gaitasuna izango duena.
2018KO ONDARRUTAR BERRIEN DATUAK:
2018. urtean Ondarroara bizitzera etorri diren 5 pertsonatik 3 gizonezkoak dira.
- Guztira etorri direnen %70ak 45 urte baino gutxiago ditu. Badirudi, gero eta adin tarte gazteagoa aintzat hartuta, gero eta pertsona gehiago etorri direla.
Halaber, gero eta adin tarte gazteagoa izan gizon eta emakumezkoen kopuruan alde handiagoa dago. Adin tarte gazteenean ia bikoitza izatera iritsi arte.
Etorri berrien jaiolekuari dagokionez, %43 Euskal Herrian jaiotakoa da, eta horietatik erdia baino gehiago (%22) Ondarroa bertan.
Gainontzeko jaioleku ohikoenak Afrikan (%26) eta Amerikan (%21) kokatzen dira.
Jatorriari dagokionez, hots, Ondarroara nondik iritsi diren aintzat hartuta, Euskal Herritik datoz %55, eta guztiaren herena Bizkaiatik dator. Hurrengo hiru lurraldeak Espainiar Estatua, Amerika eta Afrika dira, %13, %14 eta %13 hurrenez hurren.
Ondorioz, esan daiteke, gero eta gertuagotik pertsona gehiago etortzen direla Ondarroara.
Jaiolekua eta sexua alderatuta, Euskal Herrian jaiotakoen artean parekoa da etorritakoen sexua. Hego Amerikan jaiotakoen artean, emakumezkoak (25) gizonezkoen (12) bikoitzak dira. Eta, Afrikan jaiotakoen artean ezberdintasuna nabarmena da, 42 gizonezko eta 4 emakumezko.