Maiatzaren 9ko Udal Osoko Bilkuran aho batez onartu dute indar guztiek Ibaiondon 132 aparkaleku zabaltzeko proposamena. Udala hilabeteak daramatza gotzaindegiarekin harremanetan gunea zabaltzeko eta azkenean akordiora iritsi dira. Zunbeltz Bedialauneta alkateak adierazi duenez “lehen urratsa da hau herrian aparkatzeko dagoen arazoari aurre egiteko. Neurri gehiago hartuko diren arren, neurri honek egoera leuntzen lagunduko du”.
Bizkaiko Buletin Ofizialean publikatuko da neurria eta 30 eguneko epean alegaziorik egin ezean zabalduko da izen emateko epea, gutxi gorabehera ekaina amaieran. Plaza 30 urtetarako eskuratuko da 14.600,00€tan trastelekurik gabekoak eta 20.500,00€ trastelekua dutenak.
Eskatzaileen kopurua aparkaleku-plazen kopurua baino handiagoa bada, honako lehentasunen arabera esleituko dira, bakoitza bere baldintza bereziekin:
- MULTZOA: LEHENENGO MAILAKO LEHENTASUNA: Bi baldintza hauek bete beharko dira:
- Eskariak aurkezteko epearen aurretiaz Ondarroako Udal erroldan inskribatuta egotea.
- Gutxienez ibilgailu baten titular izan beharko da eta ibilgailu horren zergak udalerrian ordaindu beharko dira. Enpresaren ibilgailuen kasuan, ibilgailuaren titularra ez bada, ziurtagiri bidez frogatu beharko da, berak soilik erabiltzen duela ibilgailu hori.
- MULTZOA: BIGARREN MAILAKO LEHENTASUNA: Jarduera ekonomikoen gaineko zergan (IAE) altan daudenak, Ondarroako udalerriaren eremuan, gutxienez, edozein epigrafe ekonomiko edo profesionalean.
- MULTZOA: HIRUGARREN MAILAKO LEHENTASUNA: Ondarroako udalerrian etxebizitza bat dutenak, eta Ondasun Higiezinen Zerga (IBI) ordaintzen dutenak.
Lehentasuna izango dute 1.multzoko baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 2.multzoko baldintza betetzen dutenekiko eta 2.multzokoek 3.multzoarekiko.
Txosten teknikoaren arabera, kostua kalkulatzeko garaian, datu hauek erabili dira:
- Udalarentzat izandako kostua: 1.966.707,26€
- Aparkalekuaren azalera erabilgarria bi solairuetan:
- aparkaleku-plazak: 1.616,23 m2
- errodatzea: 1.543,81 m2
- trastelekuak: 81,44 m2
- M2-aren prezioa: 606,73€/m2
- trasteleku guztiak: 49.412,06€ (8 ale)
- trasteleku bakoitza: 6.176,51€
- aparkaleku guztiak: 1.917.291,07€
- aparkaleku bakoitza: 14.524,93€
Aparkalekuen esleipena ondorengo prezioekin egitea (borobilduta):
- Aparkaleku soila: 14.600,00€
- Trastelekua duen aparkalekua: 20.500,00€