Herribusak goiz hutsez emago du zerbitzua martxoaren 1etik aurrera

0

Ondarroako Herribusak azken hiru urteetan izan duen erabiltzaileen beherakada kontuan harturik, Ondarroako Udalak erabaki du martxoaren 1etik (barikua) aurrera zerbitzua bakarrik goizetan ematea. “Diru publikoarekin ari gara eta erabiltzailerik ez duen zerbitzu bat izateak ez dauka zentzurik. Egunean, bidaiako bost laguneko bataz bestekora ere ez da iristen Herribusa, eta hori kontuan hartuta goizean erabilera oso handia daukala batez ere Osasun Zentrora joateko. Zerbitzu hau bermatzea lehenetsi dugu”, adierazi du udal gobernuak.

Ordu bakoitzean dagoen erabiltzaile kopurua ikusirik, Herribus zerbitzua goizetan bakarrik mantentzea erabaki du udalak, ordutegi horretan dagoen erabiltzaile segmentua oso zehatza delako eta beraientzako funtsezkoa delako Herribus zerbitzua: “goizeko ordutegietan, batez ere 08:00etatik 09:00etarako eta 11:00etatik 12:00etarako tarteetan, erabiltzaile kopurua handia da, eta horrek bi oinarri ditu: alde batetik Osasun Zentrora doazen nagusiak eta bestetik Kamiñazpi auzotik herrigunera doazen bizilagunak”. “Funtsezkoa jo dugu zerbitzua goizez mantentzea, eta erabilerarik ez duen ordutegietan zerbitzua kentzea, alferrikoa zen gastu bat suposatzen duelako herritarrentzat, azken hiru urteetako datuek erakusten duten moduan. Arratsaldetako lau bidaiak kenduko dira soilik, ia erabilerarik ez daukaten bidaiak. Arratsaldetako erabiltzaile kopurua murrizten joatea batez ere ikasleen mugikortasun ohitura aldaketen ondorioa dela uste dugu: lehen, Herribusa erabiltzen zen ikastoletatik etxera joateko, eta orain, ostera, bizikletaz edo patinetaz joateko ohitura aregaotu egin da”. Herribusaren erabiltzaileen %59,06 65 urtetik gorako herritarrak dira, eta gehienek Osasun Zentrora joateko erabiltzen dute Herribusa. Adingabe erabiltzaileen kopurua ez da %8ra ere iristen.

Urtean 4.437 bidaia egiten zituen orain arte Herribusak, eta 20.330 bidaiarik erabili zuten. Hau da, bidaia bakoitzean ez da 5 erabiltzaileko bataz bestekora ere iristen. Goizeko erabiltzaile kopuru handia ikusita, horrek esan nahi du arratsaldeetan erabilera minimoa edo erabilerarik gabeko zerbitzua dela Herribusa.

Martxoaren 1etik aurrera, beraz, goizeko ordutegia izango du Herribusak neguan, hau da, 08:00etatik 13:40era; udan (uztailaren 1etik abuztuaren 31ra), orain arte moduan, 08:00etatik 12:50era. Ohiko geralekuak izaten jarraituko du, horretan ez dago aldaketarik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina