Omenaldia egin diote Ekai Lersundiri Santurtzin

0

Santurtziko Udalak eta Santurtzadar elkarteak Ekai Lersundiren omenezko plaka bat jarri dute maiatzaren 17an, homofobia eta transfobiaren kontrako nazioarteko egunean. Ondarroako Udaletik Zunbeltz Bedialauneta alkatea eta Eneritz Basurko alkateordea egon dira ekitaldian, Santurtziko Udaleko alkate Aintzane Urkijorekin batera. Ekairen guraso Elaxar Lersundi eta Ana Martinez ondarrutarrak ere bertan izan dira, ekitaldi hunkigarrian.

Ia urte eta erdi igaro da Ekai gure artetik joan zenetik, eta trans identitateen aldeko borrokaren erreferente izaten ari da Ondarroan eta Euskal Herri osoan. Santurtziko herritarrek egindako iniziatiba hau “hunkigarria” izan dela adierazi du Zunbeltz Bedialauneta alkateak eta “bihotzez eskertu” du Ekairen alde egiten den ekimen oro.

Ondarroan ere aniztasunaren alde geroz eta indar gehiago egiten dela adierazi du eta bide horretan Hezkidetza egitasmoak egiten duen lana txalotu du. Aurten ekainaren 28an LGTBI+ harrotasunaren egunean, Stonwalleko martxaren 50. urteurrena dela eta, unitate didaktiko berezia lantzen ari dira herriko ikasle guztiak. Egunean bertan, Ondarroako mugimendu feministak hala eskatuta, ekimen bateratuak egingo dira herrian zehar.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina