John J. Tracy, Boeing enpresako presidenteorde izandakoa Ondarroan egon da, bere amonaren jaioterria ezagutzen

0

John J. Tracyk (1954ko irailak 29, Los Angeles, Kalifornia) Zaragozako (Espainia) unibertsitatearen kurtso hasierako berbaldia eskaini zuen astelehenean. Kaliforniako (AEB) State University-Dominguez Hills unibertsitatean fisikako doktorea da eta baita University of California-Irvine unibertsitatean ingenieritzako doktore; The Boeing Company hegazkin eta aeronautika enpresa ezaguneko presidenteorde eta Teknologia Zuzendari izan zen 2006tik 2016ra. Orain, jubilatuta dago. Bere amona ondarrutarra zen, Maria Angeles Martinez de Alegria Zelaia. Ondo gogoratzen du bere aiton-amonen argazkia gaur egungo Zubi Barriaren hasieran, Musika Eskola inguruko bidegurutzean. Idatzi berri duen liburuan ere azaldu du argazkia.

John J. Tracy, bere emaztea eta Zaragozako Unibertsitateko irakasleak, alkatearekin.

Hori baliatuta, gure herria bisitatzea erabaki zuen, Zaragozan eman beharreko hitzaldia baliatuz. Bere emazte eta Juan Jose Alba eta Jesus Arauzo irakasleekin batera gure herria bisitatu du gaur (irailak 16) goizean eta ondoren Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak hartu ditu udaletxean. Esan duenez, bere aiton-amonek 1900 urte inguruan hartu zuten Estatu Batuetarako bidea. Hain zuzen, Idahora joan ziren, bertan zegoen euskaldun komunitatera batzeko. Inoiz ez du zehazki jakin ahal izan bere arbasoek sorterria zergatik utzi behar izan zuten, baina jatorria ezagutzeko gogoa azaldu du Tracyk. Oso hunkituta etorri da Ondarroara, eta bere emazteak aitortu du beti amestu izan duen bidaia izan dela bere arbasoen jaioterrira egindakoa.

Honela dio bere azken lanean, Zaragozako Unibertsitatean irakurri zuen hitzaldian oinarritutako liburuan: “En primer lugar, siempre he estado muy orgulloso de mi herencia. Mi abuela María Ángeles Martinez de Alegría y Celaya nació cerca de aqui, en Ondarroa (Vizcaya). Mi abuelo José Agustín Martinez de Alegría y Solagaistoa nació en Uññibarri-Gamboa (Álava). Espero visitar sus lugares de nacimiento en este viaje. Estoy seguro de que ambos se sentirían muy orgullosos de saber que me habían invitado hoy”.

Oroigarriak jasotzen.

Alkateak, oroigarri bana eman die laurei, txalupa bat, eta Tracyk gure herriko koadro bat ere eraman du. Turismo Bulegoak ere parte hartu du gaurko bisitaldian eta beraiek arduratu dira gure herria erakusteaz eta informazioa helarazteaz. Azken argazkia frontoian atera dute, eta esan du bere aitona Jai Alain aritzen zela Estatu Batuetan. Oso hunkituta eta eskertuta amaitu du bisitaldia. Berak Zaragozako Unibertsitatearen ikasturte hasieran emandako hitzaldia liburu formatuan oparitu dio alkateari, aitortza eta guzti, berari egindako harrera eskertuz: Knowledge is power: partnerships for innovation. Tracy, John J. (Prensas de la Universidad de Zaragoza). Liburua, gainera, Jose eta Angeles Alegria bere aiton-amona euskaldunei dedikatuta dago.

John J. Tracy, bere emaztea eta Zaragozako Unibertsitateko bi irakasleak alkatearekin eta Turismo Bulegoko ordezkariekin.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina