2017ko urriaren 1eko erreferendumeko hautestontzia, Katalunyatik Ondarroara, herritar bati esker

0

Ondarrutarrak mundu zabalean daude, eta oraingoan Bartzelonan (Herrialde Katalanak) bizi den Miren Azpiri ondarrutarrak 2017ko urriaren 1eko Katalunyako erreferendumean erabilitako hautestontzi bat oparitu dio Ondarroako herriari, hain zuzen ere Bartzelonako Sant Andreu auzoko L`estel hauteslekuan erabilitakoa. Espainiako Polizia eta Goardia Zibila asteak ibili ziren hautestontzien atzetik, baina ondarrutar honek bere etxean eduki zituen ezkutaturik haibat hautestontzi, eta orain, hautestontzi horietako batek Euskal Herrirainoko bidea hartzea nahi izan du, Ondarroarainokoa hain zuzen. Udal Erregistro Orokorreko erakusleihoan dago ikusgai.

Alkateak jaso zuen hautestontzia, hunkiturik, Katalunyan hasitako prozesuari Euskal Herrian ere jarraipena emateko lekuko gisa. “Balio sinboliko izugarria duen oparia da”, aitortu zuen Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Hautestontziek Txinan hasi zuten euren bidea, Marsellako portura iristeko ondoren itsasontziz, handik Katalunyako gordeleku batera eta ondoren ehunka herritarren eskuetara, bozkalekuetara behar bezala iritsi zitezen. “Hain egun berezian erabili zen hautestontzi bat gureraino iristea harro egotekoa da guretzat. Momentu historiko oso berezia izan zen, eta ondarrutarrak bertan ere egon zirela gogorarazteko ere balioko digu”, gaineratu zuen.

Espainiako Poliziak indarkeria erabilita eraman zituen hautestontzi gehienak L`estel ikastetxetik 2017ko urriaren 1eko goizeko 9:15ean, baina argi geratu da guztiak eramaterik ez zutela eduki eta bat orain gure herrian dagoela. Bien bitartean, preso politiko kataluniarrek epaiaren zain jarraitzen dute. Mezu honen bitartez Ondarroako Udalak jakinarazi nahi du bat egingo duela Gure Esku Dago dinamikak sententzia argitaratzen den egunean egingo dituen mobilizazioekin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina