Herriko pentsionisten mozioa onartu du Ondarroako Udalak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ/PNVren abstentzioarekin

0

Ondarroako pentsionistek mozioa aurkeztu dute gaurko plenoan, Ondarroako Udalak beraien eskaerak babestu ditzan eta udalak ere babesa eskaini dezan, bai aholkularitzan eta baita mobilizazioetan ere. Pentsionisten mozioa EH Bilduren aldeko bozkei esker onartu da; EAJ/PNV abstenitu egin da.

[IRAKURRI ONDARROAKO PENTSIONISTEN MOZIOA HEMEN]

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak babes osoa erakutsi die Ondarroako Penstionistei plenoaren ostean eta azaldu du orain arte egin bezala astelehenero 12:00etan Alamedan egoten den hitzorduarekin bat egiten jarraituko duela. Maria Dolores Etxano EAJ/PNVko ordezkariak esan du “erdizka” daudela ados mozioarekin, eta hortik etorri dela abstentzioa: “argi dago Toledoko ituna berrikusi behar dela, eta gu horren alde gaude”. Udal gobernuari eskatu dio herriko pentsionistei udal zerbitzuak eskaintzea gizarte eta aholkularitza alorretan.

Ondarroako pentsionistak, asteleheneko elkarretaratzean.

Plenora bertaratu diren Pentsionisten Elkarteko ordezkariek mozioa aho batez onartzea eskatu dute, “astelehenero Alamedan batzen diren 275 pentsiodunengatik, balio sinboliko handia” edukiko lukeelako. Beste herritar batzuek halako gai garrantzitsuetan adostasuna edukitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute: “elkarrekin aurrera ez egitea tristuraz hartzen dugu, zuen abstentzioa ezezko bezala jotzen dugu”.

Udalbatza plenoan.

Hauek dira mozioan pentsiodunek egin dituzten aldarrikapenak:

  1. Pentsioen Banaketa Sistema Publikoa eta pentsio duinen defentsa egitea.
  2. Europako Gutun Sozialaren eskaerak bete eta diru-sarrera nahikoak ezartzea: Lanbide-arteko gutxiengo soldata 1200 €, Gutxiengo pentsioa 1080 € eta Pentsioen igoera, automatiko eta iraunkorra izatea, gutxienez, KPIaren araberakoa eta Legez bermatua.
  3. Prekarietatea ugaritu duten lan-erreformak eta 2011 eta 2013ko pentsioen erreformen alde kaltegarriak ezabatzea.
  4. Soldata eta pentsioen generoko arrakalekin amaitzea.
  5. Zigorrik gabeko aurrejubilazioa, 40 urte kotizatuak dituztenentzat.
  6. BASE eta pentsio plangintza pribatuen aldeko anura fiskalik ez.

[IRAKURRI ONDARROAKO PENTSIONISTEN MOZIOA HEMEN]

Herritarrak astelehenero batzen dira Alamedan.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina