Turismo Bulegoak bisitari kopurua mantendu du 2019an, 5.474 bisitarirekin

0

2018ko datuekin konparatuz oso antzekoak dira iazko urteak Ondarroako Turismo Bulegoak utzitako bisitariak. 2018an 5.645 bisitari zenbatu zituzten bulegoko arduradunek, eta aurten, ostera, 5.474 pertsona. Turismo Bulegoko arduradunak eta udal ordezkariak pozik agertu dira.

Ondarroan turismoak badu bere lekutxoa eta zenbakitan ikusita emaitzekin pozik daude Turismo Bulegoko teknikariak zein udal ordezkariak: “inguruan beste turismo mota bat daukagu, eta guk gure eredu propioarekin jarraitzeko asmoa dugu”, esan dute turismo arduradunek. “Ondarroa turistikoki hainbeste saldu ez dugun herria da, kanpora begira behintzat, gure ustez garrantzitsuagoa delako turista kopurua baino hauek eskaintzen dizkiegun zerbitzuaren kalitatea eta abegikortasuna”. Udal ordezkariek ere azpimarratu dute herriko turismoaren oinarriak bertoko izaera eta ondarea, bizimodua eta gastronomia erakustea direla eta horrek turismo masifikatua baino zerbitzu pertsonalagoa eta gertukoagoa eskatzen duela. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea ere pozik agertu da bisitari kopuruarekin: “gure ereduak ere onarpena badaukala ikusi dugu beste behin ere. Gurera etortzen den turistak gure egunerokoa nolakoa den ikusteko aukera dauka. Ez da gure asmoa postaleko herri bat erakustea turistei, baizik eta gure herriak dauzkan altxorrak bere horretan erakustea, herritarrek gozatzen dituzten modu berean eta ahal bada herritarra eta bisitaria uztartuz”.

Arrigorri hondartza eta badia.

Bisitarien jatorriari dagokionez gehienak Euskal Herritik etorri dira, 2.583 guztira. Espainiar estatutik etorritako gehienak madrildarrak eta valentziarrak izan dira, 303 eta 165 bisitari hurrenez hurren. Gainontzeko bisitarien jatorriak Frantzia (483 bisitari), Katalunia (460 bisitari), Alemania (136 bisitari) eta Holanda (63 bisitari) izan dira. Bisitari gehien abuztuan eduki zituen Turismo Bulegoak, 1.585 hain zuzen; atzetik, uztailean 1.111 bisitari, irailean 741 bisitari eta ekainean 611 bisitari.

Interes gehien pizten duen elementuetako bat arrainaren salmenta izaten dela esan dute Turismo Bulegoko ordezkariek: “jakinda Ondarroan arrantzak daukan garrantzia asko izaten dira arrain salmenta zuzenean ikusi nahi izaten dutenak”. Harbide pasealekua eta bertatik dagoen ikusmirak ere interes handia pizten dutela azpimarratu dute. Ibilbideei dagokionez etorritako askok Ondarroa eta Lekeitio arteko GR-123 ibilbidea ere egiten dutela esan dute. Amaitzeko, esan dute geroz eta gehiago direla autokarabanekin etorri eta eguna zein gaua Ondarroan igarotzen duten turistak.

*Datu guzti hauek 2019an Ondarroako Turismo Bulegotik igarotako bisitarienak dira, ez dira inolaz ere herrira etorritako bisitari kopuruaren osotasuna.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina