Errenteriako zubia konpontzeko aurreproiektua egin da eta URA agentziaren oniritzia behar da orain lanei ekiteko

0

Errenteriako zubia konpontzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Zubia 2018ko abenduan ibilgailuentzat guztiz zarratzea erabaki zuen udalak, egituraren egonkortasuna ez zelako segurua. Hori ikusita eta zubiak auzokoen egunerokotasunean daukan garrantzia kontuan harturik, konponbidea bilatzeari ekin zion.

Egoera zaila zela ikusita, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak administrazioaren konpromisoa erakutsi zuen 2019ko otsailean Errenteriako zubiaren egoera zein zen sakonki aztertzeko eta irtenbide posible bat bilatzeko. Orain, kudeaketa horiek guztiak eginda, Dimark enpresak aurkeztu ditu beharrezko txosten tekniko guztiak, baita arazoari nolako irtenbidea eman behar zaion azaltzen duena ere; udalak Errenteriakoei bertakoei azaldu dizkie txosten horien nondik norakoak.

Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Eusko Jaurlaritzaren URA agentziaren oniritzia behar da orain aurreproiektua onartu eta lanak lizitaziora ateratzeko. URA agentziaren menpe daude Euskal Autonomi Erkidegoetako ibaien inguruan egiten diren lan guztiak, eta, horrenbestez, aurreproiektuak haren oniritzia behar du lizitaziora atera baino lehen. Momentu horretan dago orain prozesua. Dimark enpresaren analisi eta konponketen txostenak dioenaren arabera, zubiaren lehen eta bigarren zatiaren elementu estrukturalen degradazioa handia da; lehen zati biak Errenteria auzoko aldeko zatiak dira. Dimark enpresak udalari aurkeztu dion konponbidea lehen bi zati hauen konponketa osoak dira, 3 eta 4 zatietan eta oinarrietan aurkitu diren gabeziak konpontzearekin batera.

Hurrengo urratsak. URA agentziak, orain, onartu egin behar du udalak aurkeztutako konponbidea, edo, hala ez bada, ze aldatu behar duen proposatu. Horren ostean lanak lizitaziora aterako dira, eta lanak hasi ahalko dira. Konponketak egiteko Dimark enpresak aurkeztutako aurrekontua 63.473,41 eurokoa da. Udalak lanak 2020an hasi nahi ditu, beti ere URA agentziaren oniritzia lortu eta gero.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina