Kiroldegiko sarrera irisgarri bihurtu eta gimnasioko makineria berrituko da hilabeteon

0

Zaldupe udal kiroldegian hiru hobekuntza estrategiko egiten hasiko dira hilabete honetan: sarrera nagusia irisgarri bihurtu eta aterpetxo bat egin, gimnasioko makineria berritu eta larrialdietarako beste irteera bat zabalduko da kantxako horman.

Sarrera nagusia gaur egun ez da irisgarria. Laguntza behar duen edonork edo gurpildun aulki batekin doazenek esaterako, zail edo ia ezinezko dute ate astun horiek zabaltzea. Horrez gain, sarreraren kanpoaldean ez dago aterperik eta egun euritsuetan nahitaez busti behar izatea dakar horrek. Datozen asteetan hasiko dira lanak eta bizpahiru asteko iraupena izatea aurreikusten da. Lan honek 21.412 euroko aurrekontua dauka.

Kantxan, larrialdietarako irteera berri bat egingo da, rokodromoaren eta boulderraren arteko horman, eta zuzenean kalerako bidea emango du, larrialdiren bat gertatuz gero kantxa ahalik eta lasterren eta seguruen husteko. Lan hauek datorren astean hasiko dira eta 40.900 euroko aurrekontua daukate. Kantxako aforoa 720 lagunekoa izatea ahalbidetuko du obra honek.

Azken lana kiroldegiko gimnasioko makineria berritzea izango da. Urte hasieran, kiroldegiko gazte erabiltzaile talde baten ekimenez, udalarekin elkarlana hasi zen eta orain gauzatuko da. 30.415,65 euroko aurrekontuarekin gimnasioko makineria berriztuko da, batez ere indarra entrenatzeko makinak eta entrenamendu funtzionalerako materiala.

Zaldupe udal kiroldegiko gimnasioa.

Zaldupe udal kiroldegiko gimnasioaren erabiltzaile kopurua izugarri hazi da azken urteetan, eta are gehiago gimnasioa beheko gelatik lehen solairuko gela handira pasatzea erabaki zenetik. Kiroldegiko arduradunak oso pozik daude erabiltzaileen erantzunarekin. “Erabiltzaileen profila oso anitza da eta eguneko ia ordu guztietan dago beteta kiroldegiko gimnasioa”, azaldu dute kiroldegiko iturriek.

Ibon Bergara Etxearte kirol zinegotziak aitortu du kiroldegiak erreforma integrala behar duela, baina bitartean garrantzitsua dela zerbitzuen kalitatea bermatzeko lanak egiten jarraitzea: “kirola osasuna da eta zorionez erabiltzaile asko ditu Zaldupe udal kiroldegiak”. Iaz, gainera, Mugiment Kirol Txartela ere martxan jarri zen Ondarroan, eta Eusko Jaurlaritzaren programa horri esker, Zaldupeko abonatuek beste herri batzuetako kiroldegietako hainbat zerbitzu erabiltzeko aukera daukate, eta baita beste kiroldegietako abonatuek ere Zaldupeko hainbat zerbitzurekin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina