2016ko martxoaren 8a zen. Otsailaren amaieran mendian behera erortzen hasitako harriak geroz eta gehiago ziren. Goizean harri batzuk erori ziren mendian behera Kamiñaldeko errepidera eta herriak azken hamarkadetan bizi izan duen hondamendi handienetako baten hasiera markatu zuen. Familiak etxeetatik kanpo, dendariak dendetatik at, lur jabeak lurrik gabe eta herria suminduta.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak kargua hartu zuenetik egun bat ere igaro ez zenean urteetan herrian egon den krisi handiena kudeatu beharrean aurkitu zen Ondarroako Udala. “Lehentasuna herritarrak izan ziren, argi neukan hasieratik arduradunak bilatzea baino garrantzitsuagoa zela herritarrei laguntzea, herritarrak babestea eta informazioa ematea”. Udalbatza osoak egoera larria zela aitortu eta martxoaren 10ean Larrialdi Plana martxan ipini zen. Biharamunean, geologoen esanei jaramon eginez San Ignazio kaleko beste aldeko etxebizitzak ere hustu egin zituen udalak, mendiaren ezegonkortasuna zela eta.
Martxoaren 12an, larunbata, herritar batzuk euren etxeetara sartu ahal izan ziren gauzen bila. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia herrira etorri zen, eta hurrengo egunean baita Iñigo Urkullu Lehendakaria ere. Udalak herritarrei informazioa ematen jarraitzen zuen ahal zen neurrian. Baina ezbeharrak ez ziren amaitzen eta martxoaren 14an izotz lantegiko lan-istripua eta heriotzak gertatu ziren.
Martxoaren 15ean eskualdeko alkateek bilera berezia egin zuten Markina-Xemeinen kaltetutako familiek zeukaten etxebizitzen premia aztertzeko. Egun berean San Ignazio kaleko merkatariak euren lokaletara sartu ahal izan ziren alkatearen ardurapean. “Herritarren elkartasuna ikaragarria izan zen, harro egotekoa. 179 familia geratu ziren etxeetatik kanpo eta horietako gehienak beste herritar batzuek hartu zituzten euren etxeetan. Elkartasun keinu ikaragarria izan zen”. “Egun horietan herritarrengandik gertu egoten ahalegindu ginen, geneukan informazioa ematen eta azalpenak eskaintzen, beraiek ziren lehentasuna, beraiel ziren hondamendiaren kaltetu zuzenenak”. Baina egun latz horietan mina areagotzen aritu zenik ere egon zen: etxeetan egindako lapurretak, iruzurgileak… Herritar kaltetuak ere antolatu ziren, Sainazio mendi Azpixan gestoraren izenean. Laguntza eskatzen zuten. 2017ko azaroaren 11raino egon ziren elkarretaratzeak egiten.
2016ko uztailaren 29an 70 familia euren etxebizitzetara itzuli ziren (erreka aldera dauden etxeetako bizilagunak), eta kalea ere zabaldu egin zuten. Urriaren 7an, 48, 50 eta 52 atarietako bizilagunak itzuli ziren. Oraindik 84 familiak euren etxebizitzetatik kanpo egoten jarraitzen zuten. 2017ko ekainaren 3an 28 familia itzuli ziren (46A-46B eta 40A). Ekainaren 22an, ostera, 44A eta 44B atarietako 16 familia itzuli ziren. Eta 2017ko abuztuaren 10ean 40B-40C-42A eta 42B atarietako 33 familia itzuli ziren. 2017ko abenduaren 29an itzuli ziren etxeetara kalte handienak jasan zituzten zazpi familiak.
Hondamendiari aurre egiteak 14.800.000 euro milioi pasatxoko kostua eduki zuen. Eta Ondarroako Udala izan zen horri aurre egiteko ahalegin handiena egin zuena. Guztira 7 milioi euro baino gehiago ordaindu zituen Ondarroako Udalak. “Kontuan hartuta herriaren urteko aurrekontua 9 milioikoa dela ikusi daiteke halako dirutza uzteak zer ahalegin suposatzen duen; geneuzkan hainbat proiektu, aurreikuspen eta inbertsio atzeratuta geratu dira”.
Aste honetan egin da Kamiñaldeko mendiko lurren banaketaren azken urratsa jabeekin. Alkateak adierazpen hauekin amaitu nahi izan du laugarren urteurrenari buruzko hausnarketa: “lehenik eta behin eskerrak eman herritar guztiei. Herritarren arteko elkartasuna eta laguntza ikaragarriak izan ziren. Argi geneukan hasieratik aurpegia eman behar genuela arazoa kudeatu eta herritarrei laguntzeko modurik onena hori zelako. Uste dut Ondarroa eta ondarrutarrak eredugarriak izan garela. Mila esker herritarrei, udaleko eta larrialdietako langileei eta modu batera edo bestera laguntzeko prest egon zineten guztiei!”.