Larrialdi egoerak herritarrak etxean sartuta egotera behartu dituen honetan, ondarrutarrek kirola etxean egiteko proposamena prestatu dute Ondarroako Udalak eta Zaldupe udal kiroldegiak eta bere zerbitzuak bertan eskaintzen dituen Jaso Kirolak enpresak. Kirol eskaintza asteartean (apirilak 14) hasiko da. Goizero goizero berrituko da eguneko kirol eskaintza, bideo bidez ariketak egin ahal izateko. Bakoitzak nahi duenean egin ditzazke ariketak, eguneko edozein ordutan.
Bertan behera geratu diren ikastaroekin zer egin erabaki baino lehen, Euskal Autonomi Erkidego mailan kirolaren inguruan hartu daitezkeen erabaki kolektiboen esperoan dago udala, horrek baldintzatu baitezake udalak ikastaroen jarraipenaren inguruan hartu dezakeen edozein erabaki.
Eskaintza, kiroldegian egoten dena da, baina etxeko testuingurura moldatuta. Horrela, bakoitzak bere etxetik eta bideo bidez entrenamendu birtualak egiteko aukera edukiko du. Besteak beste kirol hauek jorratuko dira: balance, combat, fit-bike, cycling, GAP, fit.tone eta zumba. Kiroldegiko arduradunek egutegi bat antolatu dute saio bakoitzaren egun eta orduekin eta une bakoitzean udalaren web orritik edota sare sozialetatik (YouTube) sartu ahalko da saioen bideoetara. Udalak egunero egun horretarako prestatutako edukiak igo ditu udalbarriak.eus web orrian sortuko den kiroldegi birtualera, eta handik zuzenean kirol jardueren bideoetara sartu ahal izango du edozein herritarrek.
Eskaintza honen helburua herritarren artean kirola sustatzen jarraitzea da eta etxean egon behar izanda ere jarduera fisikoa egiteko bitartekoak eskaintzea.