Negozioetako zabor bilketaren zerga legezko minimora jaitsi da eta terrazen zerga bertan behera utzi du udalak, herriko negozioak berrindartzeko planaren barruan

0

Larrialdi egoera zela eta herrian itxi behar izan ziren komertzioei nola lagundu aztertzen aritu da udala azken asteetan. Bestelako laguntzak ere laister iritsiko diren arren, tabernetako terrazen ordainketa bertan behera uztea eta itxita dauden komertzioen zaborrengatiko tasak legezko gutxiengora murriztea erabaki du udalak. Herriko negozioak berrindartzeko planaren bigarren urratsa izan da eta laister beste urratsak emango dira ezagutzera.

Larrialdi egoerari buelta emateko udal planak urrats desberdinak edukiko ditu: diagnostikoa, zergen ingurukoa, ekonomia berrezartzeko eginbeharrak, herrirako eduki kulturalak, bonoak… Planaren helburua egoerari buelta ematen laguntzea da, udalak ahal duen neurriekin.

Tasa hauen ordainketak denboraldika egiten dira eta udalak uste du herriko negozioei laguntzeko modurik zuzenena, laguntzak emateaz gain, ordaindu beharreko zergak murriztea dela: “tabernariek terrazen erabilerarik ez dute egingo oraindik, beraz, zerga hori deusestatzea erabaki dugu. Zabor bilketarena desberdina da: negozio bakoitza aktibo egoeratik inaktibo egoerara igaro dela frogatu behar izan dugu. Gainera, zabor bilketaren zerga ezin da ezerezean utzi eta beraz, arauek ezarritako muga minimoraino jaistea erabaki dugu”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Neurri hauek herriko negozioak berrindartzeko planaren bigarren urratsa direla zehaztu du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak: “lehenengo urratsa diagnostiko bat egitea izan da. Horretarako Zatozterekin eta Lea-Artibai Garapen Agentziarekin hainbat bilera egin ditugu. Ezinbestekoa da herriko negozioen egoera ondo ezagutzea gero etorriko diren neurriak ere horri lotuta joateko”. Herriko negozioak berrabiaraztea zaila izango den arren kasu askotan, Basurkok baieztatu du udala ahalik eta laguntza gehien ematen ahaleginduko dela: “guk, gure mailan eta gure aukerak zeintzuk diren jakinda herriko dendari, ostalari eta abarri laguntza emango diegu, beraiek baitira herritarrekin batera Ondarroari bizia ematen diotenak”.

Alkateak gaineratu du garrantzitsua izango dela udalaz gaindiko erakundeen laguntza ere egoerari buelta emateko: “enpresa txikiak, autonomoak… guztiok eman beharko dugu laguntza, baina uste dut goragoko erakundeek benetako apustua egin behar dutela komertzio txikia zaintzeko egoera honetan”. “Gu gure aldetik diru partida bat bideratzen ari gara herriko ekonomia txikia berrindartzeko. Lehenago esan bezala, bigarren urratsa izango da hori, zerga jaitsieraren ostean”. Laguntza hauek bi mailatan ari direla prestatzen esan dute udal ordezkariek: “laguntza bat herrira begira emango dugu zuzenean eta beste bat eskualde mailakoa izango da, Lea-Artibaiko herri guztien artean adostua. Bi esparru hauek lantzen ari gara eta lasiter zehaztu ahal izango dugu informazioa bere osotasunean”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina