Ondarroako Udalak 2.000 erosketa-bono ipiniko ditu salgai datorren eguenean; dendek bihar eta astelehenean eman behar dute izena

0

Covid-19ak eragindako krisiari aurre egiteko planaren barruan Ondarroako Udalak herriko denda eta zerbitzu enpresa txikiak suspertzeko eta herritarren eroste-ahalmena sustatzeko 2.000 bono-denda ipiniko ditu eskuragarri. 20 euroko balioarekin 30 euroko balio erreala edukiko dute bonoek. Bonoak maiatzaren 28an ipiniko dira salgai eta kanpainan parte hartu nahi duten zerbitzu enpresek bihar (maiatzak 22, barikua) eta astelehenean (maiatzak 25) eman beharko dute izena Zatozteren bulegoan, behean dagoen atxikitze orria betez.

Ondarroako Udalak astelehen arratsaldean emango ditu ezagutzera kanpainan izena eman duten zerbitzu enpresen izenak. Horrez gain, dendaren sarreran ere bonoak bertan gastatu daitezkeela azalduko duen ikurra ere edukiko dute dendek.

Atxikitze dokumentua deskargatu, inprimatu eta bete egin behar dute dendariek, eta behin hori eginda Zatozteren bulegoan entregatu IAE/EJZren alta orriarekin batera. Zatozteko bulegora bakarrik paperak entregatzera joan behar da, eta horregatik eraman behar dira beteta, Covid-19 dela eta ezarritako segurtasun arauak betetzeko.

NOIZ EGONGO DIRA SALGAI?

Datorren astean ipiniko dira salgai, maiatzaren 28an, eguena. Bono bakoitzak 20 euroko prezioa edukiko du baina balio erreala 30 eurokoa izango da. Izena ematen duten Ondarroako edozein denda edota zerbitzu enpresatan gastatu daitezke bonu hauek. Astelehen (maiatzak 25) eguerdian zehaztuko da zein denda atxikitzen diren kanpainara.

NON EGONGO DIRA SALGAI?

  • Kutxabanken kutxazainean, Kantoipen.
  • Udalbarriak.eus webgunean.
  • Kutxabanken webgunean.

Internetetik erosten dutenek bi aukera edukiko dituzte bonoa eskuratzeko. PDF formatuan paper bat inprimatzea edo QR kodea mugikorrean deskargatzea.

Kreditu txartel bakoitzeko bi bonu eskuratu ahal izango dira. Bonoak ekainaren 30a baino lehen erabili behar dira.

DENDARIEK NON ETA NOIZ DEZAKETE IZENA?

Ondarroako zerbitzu enpresa txiki orok eman dezake izena. Izena emateko aukera bihar (maiatzak 22, barikua) eta astelehenean (maiatzak 25) egongo da. Izena emateko, behean dauden orriak bete beharko ditu dendariak; deskargatu, inprimatu eta bete. Behin hori eginda, Zatozteren bulegoan entregatu behar dira, bihar (maiatzak 22, barikua) eta astelehenean (maiatzak 25), 09:30etik 14:00etara bitartean Zatozteren Kantoipeko bulegoan. Ahalegindu dokumentazioa ondo beteta eramaten Zatozteren bulegora, aurrez-aurreko kontaktua ahalik eta gutxiena izateko.

*Dendek kanpainan parte hartzeko izena ematen dutenean atxikipen konpromisoa eta IAE/EJZren alta agiria aurkeztu behar dituzte.

*Kanpaina amaitzen denean, bonoekin batera I.eranskina beteta entregatu behar dute dendek.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina