Zer egin daiteke 2.fasean? Nola? Zein zerbitzu zabalduko ditu udalak? Zelako baldintzetan?

0

2.fasean sartuta, erabat aldatu dira kalera irtetzeko eta jarduerak egiteko herritarrentzako baldintzak. Aldaketa esanguratsuena ordutegien ezabaketa da: gaurtik aurrera ez dago kalera irtetzeko ordutegirik, ez eta kalean egoteko denbora mugarik ere. Hala eta guztiz ere, goizeko 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara 70 urtetik gorako herritarrentzako tarte gisa uztea eskatzen da.

Gogoratu maskaren erabilera derrigorrezkoa dela bi metroko segurtasun tartea mantendu ezin denean.

Neurri berriak Ondarroara moldatzeko, astelehenero legez, larrialdi egoerari aurre egiteko alkateak eratutako Koordinazio Mahaia batu da eta bertan hartu dira erabakiak.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga, alkatea: “Aldaketak aldaketa, zentzuz jokatzen jarraitu behar dugu, oraindik asko geratzen da eta hala deitzen dioten normaltasun berrira iristeko. Jarraitu arauak errespetatzen, segurtasun tartea zaintzen, eskuak sarri garbitzen eta beharrezkoa den lekuetan maskarila erabiltzen”.

1-MUGIKORTASUNA

Bizkaia barruko mugikortasuna baimenduta dago eta baita ere alboko herrietara joateko, bai kirola edo jarduera fisikoa egitera edo baita zeregin sozioekonomikoetara. Aldaketa ordutegietan da. Ordutegiak bertan behera geratu dira eta kalean egoteko ere ez dago denbora mugarik; umeak, beraz, nahi bese denbora egon daitezke kalean, eta ez soilik ordu bakarra.

2-KIROLA ETA JARDUERA FISIKOA

Paseoak edo bakarkako kirol modalitateak 10 pertsonako multzoetan egin ahalko dira. Mendi bueltak edo turismo aktiboa egiteko gehienez 20 pertsonako taldeetan batu daiteke. Ahal den kasuetan, gomendagarria da hitzordua aurretik eskatzea.

3-BILERAK

Etxeetan zein erabilera publikoko instalakuntzetan (merenderoak esaterako) 15 lagun batu daitezke gehienez, beti ere segurtasun tartea mantenduz.

4-OSTALARITZA

Gaurtik aurrera taberna edo jatetxe barruan ere eman daiteke zerbitzua, edukieraren %50arekin. Jatetxeen kasuan komeni da, ahal bada behintzat, hitzordua eskatzea. Tabernen kasuan barruan ere eserita daudenei soilik zerbitzatuko zaie eta ezingo da barran eskatu. Terrazek edukieraren erdia eduki behar dute eta mahai batean gehienez hamar pertsona elkartu ahal izango dira.

Gaueko tabernek eta diskotekek itxita jarraitzen dute.

Ordutegia eta aforoa argitzen dituen kartela erraz ikusteko leku batean ipinita edukitzea gomendatzen da, ahal izanez gero sarreran.

5-TXOKOAK ETA ELKARTE GASTRONOMIKOAK

Txoko zein elkarte gastronomikoak edukieraren %50eko aforoarekin zabaldu daitezke. Hauek, ostalaritzako higiene eta garbitasun arau berdinak jarraitu behar dituzte. Gehienez ere 15 laguneko taldeak batu ahal dira.

6-BEILATOKIAK, HILETAK eta ERLIJIO KULTUAK

Kanpoan egiten direnetan, gehienez 25 lagun eta leku itxietan egiten direnetan, gehienez 15 lagun elkartu ahal dira. Erlijio kulturak egiteko lekuetan (elizak esaterako) edukieraren erdia bete ahal izango da, bi metroko tartea mantenduz beti ere; aforoa sarreran ikusgai egon behar da.

Hilerria zabalik dago:

  • Astelehenetik barikura: goizeko 08:00etatik 12:00etara.
  • Asteburuetan: goizeko 09:00etatik arratsaldkeo 18:00etara.
7-HONDARTZA

Bainua hartu daiteke eta eguzkia ere bai. Hondartzan bizpahiru ordu egotea gomendatzen da. Toailen artean bi metroko distantzia mantendu behar da. Kirol jarduerak baimenduta daude hondartzan. Gogoratu ekainaren 15era arte ez dagoela sorosle eta hondartzain zerbitzurik, beraz, errespetuz eta tentuz jokatu.

Bizkaiko kostaldeko hondartzadun herrietako alkateak iragan barikuan (maiatzak 22) batu ziren bilera telematiko baten bitartez Bizkaiko Foru Aldundiarekin, irizpide amankomun batzuk adosteko asmoz Bizkaiko hondartzetarako. Bihar batuko dira berriz ere alkateak eta Foru Aldundiko ordezkariak. Zehaztuta dago hondartzetako denboraldia ofizialki ekainaren 15ean hastea, ohikoa baino 15 egun beranduago.

Hondartza bakoitzak dauzkan ezaugarriak, aforoa, sarrera-irteerak, zerbitzuak eta abar ikusirik, irizpide amankomunetan oinarritutako protokolo berezitu bana argitaratuko da Bizkaiko hondartza bakoitzerako.

8- IGOGAILUAK

Ondarroako igogailu publiko guztiak martxan egongo dira eguaztenetik aurrera, goizeko 09:00etatik gaueko 09:00etara. Egunean hiru aldiz garbituko dira eta erabiltzaileen esku gel hidoralkoholikoa egongo da (datorren astetik aurrera).

9-MERKADILLOA

Ekainaren 2an hasiko da martxan Itsasaurreko merkadilloa, datorren martitzenean. Neurri bereziak hartuko dituzte: postu bakoitza sei metrokoa izango da, Itsasaurre plazako hedadura handiagoa erabiliko da tarteak mantentzeko eta higiene neurriak dendari bakoitzaren ardura izango dira.

10-LIBURUTEGIA

Txomin Agirre udal liburutegia liburu eta pelikulen mailegu zerbitzua eskaintzen hasiko da aste honetan, beti ere Eusko Jaurlaritzaren dekretuak zehazten duenaren arabera. Biharko (maiatzak 26) espero da dekretu hori. Udalak idatzita dauka erabilera protokoloa eta dekretua argitaratzen den momentuan ipiniko da martxan mailegu zerbitzua.

Maileguan eskatzeko eskuragarri dagoen materiala esteko honetan dago ikusgai: KLIKATU HEMEN.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina