Datorren astean Kafeko Atzetik Kantoiperako sarrera asfaltatuko da eta hori dela eta ibilgailuak Kantoipe errebueltatik sartu eta atera beharko dira Kafeko Atzera. Trafikoa zuzentzeko semaforoa ipiniko da.
Lanek astebete irautea aurreikusten da eta ondo bidean astelehenean hasiko dira. “Kafeko Atzeko sarreran dagoen lurzoruan zuloak daude eta hori leundu eta ondoren asfaltatze lanak egingo dira; berregokitze lanak egingo dira eta Nasa Kalekoa bezalako lurzorua ipiniko da”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga Hirigintza zinegotziak. Horrez gain, Kantoipetik Kafeko Atzera bitarteko bide horretan dagoen irisgarritasuna ere hobetu egingo da, gaur egun dauden espaloiak oso estuak baitira. Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuen sartu-irtena semaforo bidez kontrolatuko da. Semaforoak Kantoipe errebuelta parean eta Kafeko Atzean ipiniko dira, eta 30 segundoz sarrera baimenduko dute eta beste 30 segundoz irteera.
Lan hauek egin ahal izateko, lauzpabost ibilgailu kendu beharko dira Kafeko Atzetik, sartu-irteerak ondo egin ahal izatea bermatzeko; Etxebizitzen azpian aparkatuta egoten diren kotxeak kenduko dira, horrela sarrera eta irteerak ongi egin ahal izateko bi norabideak bermatuz. Lanek ahalik eta eragin gutxien edukitzeko aukera hau baliatu du Ondarroako Udalak. Beste aukerak kotxeak Alamedatik zehar ibiltzea edota Kafeko Atzeko aparkaleku guztiak kentzea ziren.