Domekan (azaroak 1) Domu Santu eguna da eta herritar asko joaten dira hilerrira. Aurten baina, Covid-19ak eragindako egoerak baldintzatu egingo du herritar askoren ohitura. Segurtasuna, higienea eta Covid-19aren aurkako neurri guztiak betetze aldera, Ondarroako Udalak gomendio hauek luzatu nahi dizkie herritarrei:
- Posible duzuenok, ahalegindu egunean bertan joan beharrean aurreko egunetan edo hurrengoetan igotzen hilerrira.
- Hilerria 24 orduz egoten da zabalik.
- Ez elkarbanatu tresnarik: ureztagailuak, erratzak…
- Maskarila derrigorrezkoa da.
- Debekatuta dago jende pilaketak egitea.
- Eskuak sarri garbitu eta ahalegindu elementu komunak (iturriak, barandak…) ahalik eta gutxien ukitzen.
- Sintomaren bat edukitzekotan, txikia bada ere, etxean geratu.
- Ahalegindu jendearen norantzak jarraitzen, eta ez gelditu eskaileretan edo pasabide estuetan, pilaketak saihesteko.
Kotxeak, kostako bidetik. Ibilgailuek kostaldeko bidetik edukiko dute hilerriko biderako sarrera; herri barrutik ezingo da autoz igo ez jaitsi, bide hori oinezkoentzako izango baita; Txomin Agirre kaletik bakarrik oinezkoak joan eta etorri ahalko dira: “bidea itxita egongo da auto zein motorrentzat”. Iaz ere horrela egin zen eta ondo funtzionatu zuela ikusita aurten ere oinezkoentzako bidea horrela bermatzea erabaki du udalak.