Erakunde publikoekin egin beharreko izapideak Erregistrotik edo web orritik kudeatzeko aukera eman nahi du Ondarroako Udalak

0

Hego Euskal Herriko zein espainiar estatuko edozein erakunde publikorekin herritarrek egin beharreko izapide administratiboak Udal Erregistro Orokorraren bitartez edo udaleko web orriaren bitartez egin ahal izateko proiektua lantzen ari da Ondarroako Udala Biscaytik fundazioarekin batera.

Hasierako asmoa Eusko Jaurlaritzari hitzarmen bat aurkeztu eta inguruko beste herri batzuek bezala izapideak Erregitsro Orokorretik bideratzea bazen ere, udala eta Biscaytik fundazioa harremanetan daude aukera hori zabalagoa izateko. “Gure asmoa Jaurlaritzarekin egin beharreko izapideak arintzeko hitzarmena sinatzea izan da, eta pasa den asteko udalbatzan onartu genuen Jaurlaritzari aurkezteko hitzarmena, baina aukera berri hau zabalagoa eta anitzagoa izango denez, proiektu honi ekitea erabaki dugu”, esan du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Udalbatzak iragan asteko plenoan onartu zuen aho batez Jaurlaritzari aurkezteko hitzarmen proposamena, baina orain, proiektua modu zabalagoan gauzatzeko aukera iritsi da: “bide bera bi aldiz egin beharrean, eta oraindik garaiz gaudenez, uste dugu hobe dela proiektu honi heldu eta hitzarmena soilik Jaurlaritzarekin egitea albo batera uztea, momentuz. Duplizidadeak saihestu behar ditugu”.

Biscaytikekin elkarlanean arituta, Hego Euskal Herriko zein espainiar estatuko edozein erakunde publikorekin egin ahalko dituzte izapideak herritarrek: “bitarteko honekin posible izango da Katalunyako udaletxe batera bidali beharreko agiri baten tramitazioa Udal Erregistroaren bidez edo ondarroa.eus webgunearen bidez egite”.

Proiektua garatzeko dokumentazio guztia aurkeztu du Biscaytikek hala dagokion leku guztietan, eta hasteko data zehatzik ipini ez duten arren, epe motzean izatea aurreikusten dute. “Web orrietan aukera horiek sortu behar dira, beharrezko aplikazioak instalatu zerbitzua eman behar duten guneetan eta gero pertsonalari sistema berria erakutsi”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina