2020a inoiz ahaztuko ez den urtea da denentzat. Lehen hotsak entzun zirenean honaino iritsiko ez zela iruditu arren, Covid-19a iritsi egin zen, eta nola iritsi ere; oraindik gainetik ezin kenduta eta egunerokotasunean barru-barruraino sartuta. Idatzi honen asmoa urtearen errepaso bat egitea da, azpimarra batzuk egitea eta hilabete hauek nolakoak izan diren bergogoratzea. Urte berezia izan denez amaiera ere berezia izatea nahi dugu, herritarrei zuzendutako idatzi honekin.
Urteari errepasoa hasieratik amaierara egin ohi baitzaio ere, kasu honetan azken egunetakoa ekarriko dugu hasiera honetara. Azken egunetan herrian jazotako gertaera zenbait ez dira onargarriak eta udaletik ez gaude bat ere ados gertatutakoekin. Pandemia baten erdian egonik norbanakoaren arduratik eta osasunaren zaintzatik abiatuta osasun kolektiboaren zaintza lortu beharra daukagu, herri gisa. Oinarri horri jarraituz, udaletik, azken egunetako gertaeren ostean (bai abenduaren 24koa eta bai 26koa) moduren batera edo bestera gertaerekin zerikusia eduki duten pertsonekin hitz egiten aritu gara, gazte eta ez hain gazteekin, inor seinalatu gabe edo aurreiritzietan erori gabe. Helburua, bat eta bakarra: gaizki egindakoak aztertu eta berriro ez gertatzeko tresnak jarri. Bide horretan kontzientziazioa eta hitz egitea dira udalak mahai gainean ipinitako tresna nagusiak. Zein egoeratan gauden ulertu behar dugu, zenbat jende ari den gaizki pasatzen eta gure ekintzek zer nolako ondorioak eduki ditzaketen. Gertatutakoa ez errepikatzea da helburua.
Baina argi eduki behar dugu azken astean gertatutakoak ez duela urte guztian ondo egindakoa estali behar. Gaizki egindakoan esaten den bezala ondo egindakoan ere garrantzitsua da aitortza, eta hori da honen helburua. Hanka sartzea zilegi da, baina berriz ere ez sartzeko lan egitea ere bai.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga, alkatea: errepaso honetan hiru hitz azpimarratzea gustatuko litzaidake: lehena, HARROTASUNA: harro egoteko herria eta herritarrak dauzkagulako. Gaizki egindakoak ez dezala urte guztian erakutsitako elkartasuna eta izaera estali. Bigarrena, ITXAROPENA: azken aste honetan kenduta, eta salbuespenak salbu, urte guztian erakutsi dugulako badagoela gauzak ondo egiteko aukera eta denok arraun batera egiteko modua. Eta hirugarrena, ILUSIOA: ilusioa behar dugulako 2021ean etorriko diren erronka zailei denok batera aurre egiteko. Krisi ondorengo zereginak ez dira errazak izaten, baina denok apurtxo bat ipinita aurrera egitea lortuko dugu.
Nork esango zigun iaz egun hauetan bi hilabete eta erdi eskasera zer gertatu behar zen? Nork sinistu? Nork ulertu nola aldatuko zen dena? Iaz galdera horiek egiten ez genituen arren, aurten galdera bat darabilgu denok buruan: noiz amaituko da?
Otsailean normaltasunez igaro ziren Inauteriak, nahiz eta euripean izan. Eta martxoan hartu genituen lehen neurriak, batez ere Artibai egoitzan. Urruneko zerbait zirudiena gurera iritsi zen. Ametsgaiztoa hasi zen askorentzat. Zaintza, lana, aisialdia, hezkuntza, egunerokotasuna, azpiegiturak… guztia ipini zuen hankaz gora SARS-CoV-2ak. Egoeraren bilakaera ikusita martxoaren 14an egoitza ixtea erabaki zuen udalak, egoiliarren osasuna zaintzeko asmoz. Horrekin batera hilerria itxi zen, igogailu, parke eta espazio publikoetan neurri bereziak hartu ziren eta Berdura Plazako merkatua Zaldupe eskolako jolastokira lekualdatu zen. Egun oso nahasiak ziren eta antolatu beharra agertu zen. Orduan, bi planteamendu egin ziren, biak zaintzan oinarrituta: lehenengo, bakoitzak bere komunitatean izan zitzakeen pertsona zaurgarriei laguntza eskaintzeko egitasmoa eta bigarrena herriko Boluntario Sarea osatzea. Herriak erantzun aparta eman zuen eta adin guztietako herritarrak batu ziren sarera, 50 bat lagun. Horrez gain, maskarila falta zela eta herriko beste pertsona talde batek borondatez maskarilak egiteari ekin zion. Beti jakin dugu herri solidarioa dela gurea, elkartasuna muineraino sartuta daukagula eta horren erakuslea izan zen martxoa ere.
Pertsona zaurgarrienei laguntzeko udalak 70 urtetik gorako herritar guztiei deitu zien telefonoz, euren beharrizanak gertutik jakin ahal izateko eta beharrezkoa zen kasuetan Boluntario Sarera edo Gizarte Zerbitzuetara bideratzeko. Eta nola aipatu gabe utzi tarte guzti honetan Danonartin elkarteak egindako lana, a ze lana! Konfinamendua iritsi zen gero. Eta Antxoa Egune bertan behera, Aste Santua Etxetik programazioa, Kiroldegi Birtuala, Hezkidetza Egitasmoa instagrametik, Etxelilaren web orri berria, Erdi Aroko jaia bertan behera uztearen erabakia…
Maiatzarekin batera iritsi ziren hondartzara joateko zalantzak ere. Noiz? Nola? Zenbat lagun? Kezka handia eragin zuen herrian, baina arazorik gabe kudeatu ahal izan zen guztia. Jende gehienak ondo erantzun zuen. Zilarrezko Antxoa, Ondarroako Bonoak, enpresa txiki eta autonomoentzako dirulaguntzak, egoitzan lehen PCRak, lehen fasea, bigarren fasea… Ekaineko hitzordu nagusiak ere bertan behera utzi zituzten herriko talde eta eragileek… San Juan Suak, Zapato Azule, Kamiñazpiko eta Gorozikako jaiak… Eta herriak ondo erantzun zuen, errespetuz, jairik egin gabe eta arauak beteta. Eskerrik asko! Ekainean erabaki zen baita ere Andra Mari jaiak bertan behera lagatzea.
Eta horrela igaro zen uda. Ohiko planak eta proiektuak bertan behera utzi eta maskarila soinean eta protokoloak jarraituz beste modu bateko ekintzak aurrera eramanez. Udalak Kultur Uheri ekimena antolatu zuen abuzturako, kultura seguruaren aldeko apustua eginez eta herriko zein inguruetako sortzaileen aldeko apustua eginez; horrez gain Italiako zirkua ere ekarri zen herrira. 15 ekitaldi izan ziren Kultur Uheri ekimenean, eta ikusleen jarrera onari esker inolako gorabeherarik gabe gauzatu ziren guztiak. Abuztu desberdina izan zen, jairik eta ospakizunik gabea. Estropadak ere ikuslerik gabe ospatu ziren, eta herritarrek guztiz bete zituzten ezarritako arauak. Hala eta guztiz ere, Leokadi iritsi zen herrira.
Ikasturte hasiera nolakoa izango zen zalantza zegoen ikas komunitatean eta horretarako bi batzar egin zituen udalak herriko ikastetxeekin eta Osasun Zaentroarekin, protokoloak amankomunean ipini eta Etxelila eta Gaztelekua ere ikastetxeen esku ipintzeko beharrizanen bat sortuz gero. Horrekin batera ‘Ikasturte hasierako bonoak’ ere ipini ziren herriko ume guztientzat, familiei gastuak arintzeko eta herriko komertzioa bultzatzeko. Urrian Etxelilako eta Gaztelekuko eskaintza aurkeztu ziren, espazioak normaltasun berria deitutakora egokituz. Osasungintzan, udalak bi etxola jarri zituen anbulategi kanpoan, Osasun Zentroaren eskariz eta gripearen txertaketa kanpaina Txomin Agirre ikastolan egin zen.
Eta azaroan eta abenduan ere ohiko egitarauarekin jarraitzea eduki du helburu udalak. Literatur Amuak, Ondarrutar Naturala, Azaroak 25, Abenduko Kultur Egitaraua, Beldur Barik lehiaketa, Herri Antolamendurako Plan Orokorraren parte hartzeak… Txomin Agirre ikastolan Osakidetzak egindako baheketa masiboarekin amaitu zen azaroa, non 13-40 urte bitarteko biztanleen %60ak parte hartu zuen.
Covid-19 kasuek ere gorabehera ugari eduki dituzte martxotik ona. Eremu gorrian ere egon da herria, baina Osasun Zentrotik beti eman izan dute lasaitasunerako mezua: lasai baina zuhur, tentuz. Une honetan herria eremu horian dago, eta hori, nahiz eta salbuespenak egon, herritar gehienen jarrera onarengatik da. Askotan, gomendio guztiak jarraituta ere iritsi egiten dira positiboak, baina herritarren gehiengoa ondo ari da arauak eta gomendioak betetzen. Errepaso honekin ikusi ahal izan da iragan astekoa urte zail baten barruko salbuespen bat izan dela. Salbuespen txarrak, bai 24koa eta bai 26koa, guztiz onartezinak, baina urte guztian herritar gehienek edukitako jarrera ona estali behar ez duten salbuespenak. Lehen esan bezala garrantzitsuena horiek ez errepikatzea da, gaizki egindakoetatik ikastea.
Alkatea: Ondarroako Udalaren izenean eskerrik asko Covid-19aren aurka lanean ari zareten guztioi, zaintzaz arduratzen ari zaretenoi, osasungintzako profesionaloi, kulturgileoi, herriko dendari, ostalari eta autonomooi herria bizirik mantentzearren, udaleko langileoi, ongizate gaietan lanean diharduzuenoi, umeekin lanean diharduzuenoi… besarkada estuena mahaian norbaiten hutsunea igarriko duzuen guztioi eta egoera zail honen ondorioz lanik gabe geratu zareten guztioi… ez nuke inor aipatu gabe utzi nahi…eta nola ez, ondarrutarroi, bihotzez, mila esker eta urte berri on guztioi!