Udalak eta Zaldupe eskolak bien artean hartu dute erabakia. Azken asteburuetan hainbat apurketa gertatu dira, bai jolastokian eta baita eskola barruan ere. Abenduan erabaki zuten eskolako jolastokia asteburuetan zabaltzea Zaldupek eta udalak, gazteek asteburuetan ere aterpedun jolasgune bat edukitzeko eta txikiek eskolaren atzealdean dagoen naturguneaz gozatzeko. Baldintza bakarra tokia behar bezala zaintzea zen, eta hori horrela izan ez denez, gutxienez bi asteburutan itxita egongo da jolastokia.

Eskolako jolastokiko kamera bat apurtu zuten. Argazkia: Zaldupe eskola
Jolastokia zabaltzea erabaki zenetik hainbat izan dira gertaerak: jolastokiko hesiak apurtu, ikastetxe barrura sartu, kamerak, bozgorailuak eta argi fokoak apurtu, kristalak apurtu, barruko materiala kanpora atera… Herritar gehienek erabilera egokia egiten badute ere egoera jasangaitza bilakatu da azken asteetan, geroz eta apurketa gehiagorekin. Hori dela eta eskolako jolastokia itxita egongo da, gutxienez, hurrengo bi asteburuetan (otsailak 6, 7, 13 eta 14). Udal ordezkariek esan dute bi asteburu hauek pasa ostean eta jolastokiko ateak berriro zabaldu, kalteak eragin dituztenek galazota edukiko dutela sarrera, horrela asteburuetan eskolako aterpea eta naturgunea behar bezala erabiltzen dutenek merezi ez duten zigorra jaso ez dezaten.

Naturgunean ere kaletak eragin dituzte. Argazkia: Zaldupe eskola
Gaiztakeri hauek eragin dituzten gehienak identifikatuta daude eta Udaltzaingoak ikerketa bat abiarazi du bakoitzak zer egin duen zehazteko eta horren aurreko ardurak eskatzeko eta adin txikikoen kasuan, beraien gurasoekin hitz egiteko. Udaltzainak behin baino gehiagotan bertaratu behar izan dira jolastokira eskolako alarmak jo izan duelako norbait eskola barrura sartzen ahalegindu denean.

Pasabide bateko zerraila, apurtuta. Argazkia: Zaldupe eskola
Udalaren eta Zalduperen asmoa itxialdi baten ostean eskolako jolastokia berriro ere zabaltzea da, baina berriro ere halakoak gertatzen badira itxita geratuko da asteburuetan ere, astelehenero halako apurketekin aurkitzeak kalte handia eragiten baitio ikastetxeari eta bere ohiko jardunari.
HONEKIN LOTUTA:
- [ABENDUAK 16]: Zaldupe eskolako jolastokia asteburuetan zabalik edukitzea adostu dute eskolak eta Ondarroako Udalak.

Zaldupe eskolako jolastolki estaliaren sarrera.