Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur (apirilak 6) eguerdian argitaratu dituen datuen arabera koronabirusak inoizko eraginik handiena dauka Ondarroan azken egunetan, bereziki azken bi asteetan. Une honetan 100.000 biztanleko positibo tasa 1050’54 puntutan dago, beraz, eremu gorria pasatzeko muga ezartzen duen 400eko tasa ia hirukoiztuz.
Egoera “oso kezkagarritzat” jo du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Iragan astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Gotzone Sagardui anderearekin bildu zen, eremu gorrian dauden beste herri batzuetako alkateekin batera, Ondarroako alkatea ere. Sagardui andereak eta bere taldeak adierazitakoaren arabera Ondarroan ez dago foku jakin bakar bat positibitate tasa hainbeste igotzeko hain denbora gutxian. Positibitatea hainbeste igo dela ikusita, elkar zaintzea eta harremanak ahalik eta gehien murriztea da gakoetako bat, gehiago ez zabaltzeko.
Asteburuan ere, herria eremu gorrian egon eta sarrera-irteerak mugatuta egonda, herrian kanpoko jende ugari ikusi ahal izan da eta hori ere oso kezkagarria da, mugikortasuna murriztea oso garrantzitsua baita birusaren hedapena geldiarazteko.
Ondarroako Udalak, Osakidetzarekin batera herritarrei zuhurtziaz jokatzeko deia egin nahi die: “herritarrak geroz eta nekatuago daude, denak orokorrean. Egoera ez da bat ere ona herrian. Herritarrei arduraz jokatzeko eskatzeaz gain uste dut erakunde publikoetatik ere arduratsuago jokatu beharra dagoela”, esan du alkateak. Ondarroako Udalak eta Osasun Sailak orain arte bezala elkarlanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, egoera honi ahal bezain laster buelta ematen ahalegindu eta egoera hobetzeko.
Itzulia. Barikuan eta zapatuan Euskal Herriko Itzulia bezalako kirol ekitaldi handi bat Ondarroan egongo dela ikusirik, Ondarroako Udalak, Aurrera Kirol Elkarteak eta antolatzaileek ikuslerik gabeko kirol jarduera dela gogora ekarri dute, eta Itzulia herritik pasatzerakoan ikusleak bide ertzean ez pilatzeko eskaria egin dute.
Ohiko galderen erantzunak. 2021eko martxoaren 27an eguneratutako dokumentua.