Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, hilabete honetan ekarriko dute Plaiko Zubia Ondarroara muntatzen hasteko. Muntaketa lanak froga batzuk egin ostean hasiko dira, eta aurreikuspena lanak uztailean egitea da.
Ez da lan erraza izango. Lehenengo, zati guztiak ekarriko dituzte, eta gero apurka-apurka kokatzen joan. Desmuntatu zutenean egin zuten antzeko prozesua izango da, baina aurkako ordenan. Zubia ekartzen dutenean eremu handia hartuko du, eta Alamedako zati bat itxita egongo da. Muntaketa lanak egiteko baldintza egokiak daudenean egingo dituzte lanak, eta horrek baldintzatuko du iraupena ere. Zubiaren zutabeetako lanetan azken ikutuak ematen ari dira orain.
Zubiak izatez zeukan biratzeko gaitasuna berreskuratuko du lan hauei esker.
Zubia bera margotzen ari dira une hauetan Asturiasko (Espainia) enpresa espezializatu batean. Zubiak, azkenean, azken urteetan eduki duen kolore bera edukiko du, hau da, goialdea berdea izango da, eta azpiko aldea, ostera, beltza.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea pozik eta eskertuta agertu da Bizkaiko Foru Aldundiaren erabakiarekin: “asko eskertzen dugu Foru Aldundiak gure iritzia kontuan hartu izana zubia margotzerako orduan. Herritar asko gerturatu zitzaizkigun emango zioten koloreari buruz kezkatuta, eta horregatik bideratu genuen eskaria. Onartu egin dute eta eskertuta gaude”. Horrez gain, azpimarratu du herritarren artean hain berezia den zubia ipintzeko atzerakontua martxan egotea ere albiste pozgarria dela: “duela bi urte eraman zuten bere lekutik eta denbora luzea izan den arren mereziko du itxaronaldiak. Zubi garrantzitsua da ondarrutarrentzat, batez ere hondartzara joateko, eta sinbolismo handia dauka herrian. Laster edukiko dugu ibaia bertatik gurutzatzeko aukera”.
Zubia ez da bere osotasunean originala izango. Izan ere, batez ere urteetako kresalak eta hezetasunak eraginda, egoera kaxkarrean zegoen, eta, horregatik, ezinezkoa izan da zati gehienak berreskuratzea. Hortaz, pieza askoren erreplikak egin behar izan dituzte, eta alde batetik horrek eta beste alde batetik ibaian dauden zimenduak mugitu izanak luzatu dute zubia bere lekuan ipintzeko denbora. Aldundiak baieztatu du zubia ireki ahal izango dela, jatorrizkoa modura.