Martxan da Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa urriaren 31ra arte, Ondarroako Udalaren eta Elkar argitaletxearen eskutik

0

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa abiarazi dute XXI.aldiz. 2021eko bkari dagokion lehiaketa honetan parte hartzeko urriaren 31ra arte dago zabalik lanak aurkezteko epea. Lanak mrey@ondarroa.eus posta elektronikora bidali behar dira.

Ondarroako Udalaren euskara sailak eta Elkar argitaletxeak eskutik egin dute beste behin ere idazle askoren haztegi bihurtu den beka honen aldeko apustua. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa izen handiko idazleen eta lanen abiapuntu izan da eta udalak eta Elkarrek horren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Lander Garrok irabazi zuen iazko nobela beka lehiaketa, Faith proiektuarekin.

Hauek dira beka lehiaketaren oinarriak:

  • 1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.
  • 2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
  • 3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
    a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
    b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
    c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). Hartara, egileak ez du bere nortasuna agerian utz dezakeen ezer idatziko ez laginean ez azalpenean (bidaliko duen artxibategietako ezaugarrietan ere ez). Baztertu egingo dira hori betetzen ez duten hautagaiak.
  • 4. 2021ko urriaren 31 arte bidal litezke helbide honetara proiektuak: mrey@ondarroa.eus
  • 5. Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2021ko azaroaren 30a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.
  • 6. Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.
  • 7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak.
  • 8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
  • 9. Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik hiru hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.
  • 10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Lander Garro, iazko bekaren irabazlea, Xabier Mendigurenekin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina