Mikel Alvarez Sarriegik irabazi du XXI. Augustin Zubikarai nobela beka, ‘Euskalia’ proiektuagaz

0

Mikel Alvarez Sarriegi beasaindarrak irabazi du  XXI. Augustin Zubikarai lehiaketako nobela beka. Euskalia izeneko zientzia-fikziozko proiektuarekin irabazi du lehiaketa eta abenduaren 3an (barikua) Kofradia Zaharrean jasoko du saria eta emango ditu proiektuaren xehetasunak, Literatur Amuak jaialdiaren barruan.

Nobela beka sariketa hau Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak eskutik antolatu dute, azken urteetan moduan. Alvarezek bere proiektuari buruzko xehetasunak Elkar argitaletxeko editore eta sariketako epaimahaikide Xabier Mendigurenekin solasaldian emango ditu.

Hogei lan aurkeztu dira, eta horien artean Alvarezen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Proiektuaren azalpena. Euskalia, Mikel Alvarez Sarriegiren proiektua zientzia-fikziozko lan bat da, nobela beltzaren ukitua ere baduena, umorez gainezka egiten duena eta keinu ugari egiten dituena: politikari, zinemari, komikiari… Argumentuaren abiapuntua: aurkikuntza harrigarri batzuei esker, euskaldunak unibertsoko potentzia nagusi bihurtu dira, eta Euskalia deitu diote Galaxiarteko Erresuma horri. Pixkanaka, auzo herrietakoek euskaldunen kolonizazioaren biktima bihurtuz joan dira, baina denak ez daude pozik, hala nola kultura espainiarraren berreskurapenaren alde ari diren Izar eta Ugutz…

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak eta argitaratu dituzten lanak:

  • Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume)
  • Itxaso Araque, Damutzen ez direnak
  • Garbiñe Ubeda, Hobe isilik
  • Garazi Kamio, Orube abandonatuak
  • Jasone Osoro: 12etan bermuta
  • Miren Gorrotxategi: 33 ezkil
  • Katixa Agirre: Amek ez dute
  • Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz
  • Eneko Barberena: Afrikanerrak
  • Idoia Garzes: Mendiko gaitza
  • Lander Garro: Faith

Iazko bekaren irabazle Lander Garrok ere barikuan Kofradia Zaharrean aurkeztuko du bere nobela berria, Faith, Joxemari Urtegarekin solasaldian.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina