Herritar batzuen eskariz, Ondarroako Udalak bere aniztasun batzordearen bitartez Ukrainara bidaltzeko elikagaiak, arropak eta botikak batuko ditu astelehenetik (martxoak 14) barikura (martxoak 18) Gaztelekuan. Bilketa egiteko ordutegia arratsaldez izango da, 16:30etik 20:30era.
Gaztelekuan bertan bilketa lanetan eta ekarritako materiala prestatzeko lanetan boluntario modura lagundu nahi izanez gero idatzi komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora. Astelehenetik barikura, 16:30etik 20:30era, bakoitzak ahal duenean eta ahal duen ordutegian.
Herritar bat baino gehiago hurbildu da udaletxera herritik Ukrainara laguntza bidaltzeko asmoagaz, eta euren eskariei erantzunez udalak proiektu hau ipini du martxan. Pedro Lasarte Iparragirre aniztasun zinegotziak herritarren iniziatiba eskertu du eta laguntzeko prozesua nolakoa izango den azaldu du: “astelehenetik barikura elikagaiak, arropak eta botikak batuko ditugu Gaztelekuan. Gero, material hori behar bezala antolatu eta Donostiara eramango dugu, bertatik gainerako bilketetan batutakoarekin batera Ukrainara eramateko”.
ZER BATUKO DA?
- Arropa termikoa egoera onean:
Eskularruak, galtzerdiak, termikoak, bufandak, txanoak, polarrak, galtza elastikoak, lumatxak, anorakak - Botikak:
Lehen sorospenetarako botikinak, bendak, gazak, esparatrapua, benda autoitsaskorrak, txaplata oftalmologikoak, aposituak, antiseptiko lokalak (klorhexidina, Betadine, ur oxigenatua) - Higiene pertsonala:
Toailatxo hezeak, kleenexak, emakumeen higienerako produktuak, pixoihalak, xaboi-pilulak, mantak, eskuoihalak, izarak - Elikagaiak:
Kontserbak, berehalako saldak, arroza, pasta, azukrea, kafea, tea, esne hautsa, barratxo energetikoak, fruitu lehorrak ontzi hermetikoetan. - Bestelakoak:
Linternak, termoak, kantinplorak, lo-zakuak, su txikiak, motxilak, bateria eramangarriak, AA eta AAA pilak, zabor-poltsak, zinta itsaskor amerikarra, babes-betaurrekoak.
“Ondarroako herria elkartasunez eta begirunez betetako herria da eta seguru nago oraingoan ere horrela izango dela”, esan du Lasartek. “Dei egiten dizuegu bilketa berezian laguntzera. Gu ere halako egoera gogor batean egongo bagina gustatuko litzaiguke laguntza jasotzea. Jokatu dezagun elkartasunez, bakoitzak ahal duen heinean”.