Herriko kirol taldeek ‘Ondarroa’ marka eramatea adostu du kirol batzordeak

0

Iñigo Zabala ondarrutarrak diseinatutako irudia da. Dagoeneko herriko kirol talde askok erabiltzen dute euren jantzi eta bitartekoetan, baina orain herriko kirol talde guztiek erabiltzea da asmoa.

Kirol batzordean egindako proposamen bati jarraituz, eta Ondarroako kirolariek (bakarka aritzen direnek zein taldean dihardutenek) Euskal Herrian zein atzerrian duten oihartzuna ikusirik, herriaren izena zabaltzeko baliabide gisa ‘Ondarroa’ marka erabiltzea adostu zen. Nagore Badiola kirol zinegotziak esan du dagoeneko egonkortutako eta herritar guztien iruditegian gordeta dagoen Iñigo Zabala ondarrutarraren diseinuaren aldeko apustua egin dutela: “aukera bi genituen: dagoeneko egonkortuta dagoena zabaltzen jarraitu edo berri bat sortu, eta aho batez erabaki genuen Iñigo Zabalaren diseinuarekin jarraitzea”.

Besteak beste, Arraun Elkarteak, Igeri Taldeak, Aurrera Kirol Elkarteak edo Koaxi Triatloi taldeak dagoeneko badarabiltzen ikurra da.

Egilearekin hitz egin ostean eta bere oniritzia hartu eta gero, Ondarroako Udalaren kirol batzordeak herriko kirol talde eta kirolari guztiak marka hau erabiltzera animatu nahi ditu: “herrian dugun kirol zaletasuna eta maila altua ikusirik, modu oso egokia da herriaren izena lau haizetara zabaltzeko. Horretaz gain, kirol talde guztiek ikur amankomun bat izatea ere oso garrantzitsua da”.

Ondarroako Udalaren kirol sailak eskerrak eman nahi dizkio Iñigo Zabalari bere prestutasunarengatik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina