Oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko lanak egingo dira San Ignaziotik Artabiderainoko bidean

0

San Ignazio kaleko 20.zenbakitik hasi eta Artabideko 7.zenbakiraino oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu Ondarroako Udalak. Bide guztiaren bi aldeetan pilona txikiak daude, borobil erdi formakoak, eta herritar askok izan dituzte ezbeharrak horiek jo eta erorita. Horrez gain, Erriberatik hasi eta Artabideraino dagoen zoruak (adokinak) ez du irisgarritasun baldintzarik betetzen, oinezkoentzako zein gurpildun aulkiekin edo bizikleta eta patinekin doazenentzako (umeen kotxeekin, gurpildun aulkiekin, erosketetako orgatxoekin…) oso zaila baita adokinetik ibiltzea, dituen altuera eta zuloak direla eta. Nasa kalean dagoen asfalto inprimatua ipiniko da ibilbide guztian.

Lanak datorren astean hasiko dira, eta eremu luzea denez, zatika egingo dira. Lehenengoa, San Ignazio eta Ikastola kaleak bat egiten duten lekutik hasi eta Zubi Barrirainokoa izango da.

Lanen lehen zatia San Ignazio kalean egingo da, Zubi Barriko pareraino.

Zorua plataforma bakar bat bailitzan ipiniko da, pilona txikiak kenduta eta zorua leunduta; “helburua Nasa kalean dagoen moduko asfalto inprimatua ipintzea da, irisgarria eta segurua”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Alkateak. “Urtean zehar egiten ditugun lanketetan, Ondarru Lagunkoia prozesua esaterako, herritarrek euren ondorioak erakusten dizkigute eta horietako bat da San Ignaziotik Artabiderainoko zorua konpontzearena eta piboteak kentzearena. Karenka elkarteak ere gisa honetako ekarpen asko egiten ditu eta elkarlan horri esker egiten dira konponketa horiek”.

Lan horiez gain, Zubi Barriaren erdian dagoen bi erreilak banatzeko granitozko lerroa ere desegin egingo da. Egitura horrek ibilgailuak banatzeko helburua dauka, baina zubiak zabalera handiegirik ez daukanez askotan autoak behar baino gehiago gerturatzen dira espaloira, oinezkoen segurtasuna kolokan ipiniz.

Lanak amaitzen joan ahala seinalizazioa ere berritu egingo da eremu horretan, oinezkoen segurtasuna areagotzeko asmoarekin.

Borobil erdi itxurako pilonak kenduko dira.

Lan horiekin batera estolderia eta gainerako arketak ere moldatuko dira, kalearen itxura berrira egokitzeko eta euri urak hobeto bideratzeko.

Guztira, kilometro pasatxoko eremuan egingo dira lanak eta helburua azaroa amaitu orduko lanak exekutatuta egotea da, herriko arteria nagusia izanik garrantzitsua ikusten delako udaletik sasoi horretarako normaltasuna egotea eremu guzti horretan, bai oinezkoen eta baita dendari zein garraiolarien mesedetarako. Proiektuak 156.677,24 euroko aurrekontua dauka eta Lasuen enpresak gauzatuko du. Iraupenaren hilabete eta erdi pasatxokoa izatea aurreikusten da, beti ere eguraldiak baldintzaturik.

Nasa kaleko zorua ipiniko da ibilbide guztian: asfalto inprimatua. Adokina kendu egingo da.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina