Euskal Herriaren luze-zabaleko 13 mendiz osatutako zerrenda zabaldu zuen udalaren kirol sailak urte hasieran, Aurrera Mendi Taldearen laguntzarekin. Horrekin batera, erronka bat: ea zeinek igo urtea amaitu orduko zerrendako mendi guztiak.
Eta ia 800 argazki jaso ostean, sei lagun izan dira, momentuz, zerrenda osatu dutenak: Birtu Aramaio, Jabier Gabilondo, Ruben Ansola , Andoni Etxaburu, Javier Etxaburu eta Joseba Gartzia. Bakarka, lagun artean, eguzkitan, euritan, bero edo hotz, baina argazkirik ez da falta izan. Astero jaso dira argazki pila bat eta udaletik oso eskertuta daude: “erronka bat antolatu eta jendeak halako erantzuna ematea betegarria da, poztekoa”, esan du Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak. Argazki guztiak Ondarroako Udalaren facebook orrialdean daude ikusgai (klikatu HEMEN).
Hileroko zozketez gain, erronka burutu duten sei lagunen artean ere zozketa berezi bat egingo da. Hurrengo egunetan jakinaraziko da zein izan den Euskal Herriko produktuz osatutako otzara bereziaren irabazlea.
Baina zerrenda osatu dutenez gain, hilero zozketa bana egin da eta hor ere banatu dira sariak, herrian gastatzeko bonuak. “Azken batean hori dauka kirolak, berarekin batera beste hainbat esparrutan eragiteko aukera. Sarien kasuan denak izan dira herrian bertan kontsumitzeko bonuak, eta zerrenda osatu duten laurei ere bertoko produktuekin osatutako otzara bana eman diegu”.
Hurrengo erronka zein izan litekeen pentsatzen hasteko deia luzatu diete kirol sailetik herritarrei: polita litzateke erronka guk ezarri beharrean herritarren artetik ateratako ideia bat erronka bihurtzea. “Ekarpenak jasotzeko prest gaude”. Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu baita ere Aurrera Mendi Taldeko kideei.
Argazki guztiak Ondarroako Udalaren facebook orrialdean daude ikusgai (klikatu HEMEN).