Aurtengo udal aurrekontua onartu da

0

Aurtengoa 13.759.310,17 eurokoa izango da. EH Bilduk proposamenaren alde bozkatu zuen eta EAJ/PNV abstenitu egin zen; aurkako botorik gabe onartu zen beraz. Iragan asteko eguaztenean (maiatzak 24) egin zen udalbatza Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.

Partidarik azpimarragarriena udalak Ondarroako Andra Mari parrokiari ordaindu beharreko 1.400.000 eurokoa izango da. 2007an Txomin Agirre ikastolako jolastokia, estalpea eta beheko garajeak urtebetean egiteko hitzarmena ez betetzeagatik ordaindu beharrekoa da (IRAKURRI HITZARMENA HEMEN). “Betetzea ezinezkoa zen hitzarmen hura, bai denbora aldetik eta bai lege aldetik, eta ordaindu beharrean gaude orain. Uste dugu behin betiko gai hau ixteko ordainketa egin eta agintaldi berrirako ez uztea dela onena”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Orain arte epaitegietan egon da gaia, eta udalak kalte ordain gisa ahalik eta gutxien ordaintzeko ahalegin guztiak egin dituen arren, epaiak argi utzi du udalari, beraz, herriari dagokiola kalteordain guzti hori ordaintzea.

Aurrekontuan jasota dauden lanak, besteak beste, hauek dira: auditorio berriaaren proiektuaren idazketa (50.000€), Zaldupe udal kiroldegiko gimnasioko makineriaren eraberritzea (36.802€), Zubi Barriko biribilgune inguruan semaforoa ipintzea trafikoa erregulatzeko (45.000€), Zaldupe udal futbol zelaiko aldagela berrien exekuzioko aurretiazko lanak (70.000€), Kamiñazpiko igogailuaren aurretiazko lanak eta obra zuzendaritza (75.856€) eta obra bera (633.446,98€), Berdura Plazako proiektua (70.000€), Artabide-Antiguako Ama eskaileren konponketarako udalari dagokion zatia (130.000€)…

Alkateak azpimarratu du udal aurrekontuak arinago onartu nahi izan arren, ezinezkoa izan dela, maiatzaren 10ean argitaratutako oharrean aipatu bezala, pertsonalaren gorabeherak direla eta ezin izan baita udalbatzarik ospatu.

EAJ/PNVk emendakin batzuk aurkeztu zizkion udal gobernuaren aurrekontu proposamenari. Lehenengoa, 40.000 eurokoa, Mugikortasun Plan bat egiteko. Gobernuak erantzun zion epeak ikusita ezinezkoa izango zela aurten lizitatzea, eta beraz, proposamena kontuan hartu eta datorren urterako utziko zutela. Bigarren emendakina hezkuntza arlokoa izan zen. EAJk proposatu zuen norgehiagoka bidezko dirulaguntzak jaistea eta herriko ikastetxeei zuzendutako partida berezi bat ipintzea. Gobernutik esan zitzaien hezkuntza arloko dirulaguntzen banaketa nolakoa izan behar zen hezkuntza eragileekin batera erabaki beharreko gauza bat zela, eta ez udal taldeek soilik, egoera eta kasu desberdinetan dauden eragileek eskatzen baitituzte dirulaguntzak. Horrez gain, dirulaguntza zuzenen bidez proiektu zehatzak laguntzen jarraituko dutela esan zuten, eraikinekin edo beharrizan pedagogikoetarako egokitzapenekin zerikusia dutenak: “hezkuntzako eragile guztiek dute dirulaguntza zuzen hauek eskatzeko aukera; proiektu zehatz batekin udalera etorri den orori lagundu diogu, bai hezkuntzakoei eta baita beste arloetakoei ere: kirola, kultura, euskara…”. Hirugarren eta azken emendakina Kaleandi eta Artabideko igogailuen proiektua egiteko izan zen, 40.000 euroko partidarekin. Udal gobernuak esan zion datak ikusita eta irailean lizitazioak egiteko egongo den lan karga ikusita, hobe ikusten zutela 2024ko aurrekontuetarako uztea, enpresa adjudikatzaileak ez bailuke denbora nahiko izango bi igogailuen proiektu osoak egiteko bi hilabetetan.

Alkateak esan zuen ekarpenak ondo ikusten zituela, baina epeak zein diren ikusita garrantzitsua zela errealistak izan eta gaurtik urte amaierara arte gauzatzea erreala izango den ekintza eta proiektuei heltzea, bestela, proiektu gehiegirekin hasiz gero behar moduan egiteko denborarik ez egoteko arriskua dagoelako, horrek udal kontuentzat daukan ondorio larriekin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina