Kamiñalde eta Alde Zaharraren goiko aldeko trafikoa murrizteko proiektua: informazio guztia hemen

0

Irailean auzotarrei aurreratu moduan, 2024ko urtarrilean ipiniko du martxan Ondarroako Udalak Kamiñalde eta Alde Zaharraren goiko kaleetako trafikoa murriztu eta oinezkoei lehentasuna emateko proiektua.

Irailean egin zen aurkezpena auzotarren aurrean eta eurekin hartu ziren erabakiak. Martxan jarri eta urtebeteren buruan beste bilera bat egingo da eurekin, baloraziorako.

Dagoeneko banatuta daude ibilgailuak gune horietara sartu ahal izateko baimen eskaerak egiteko orriak etxez-etxe eta lokal komertzialetara. Norbaitek jaso ez badu, hemen dauka deskargatu eta inprimatzeko aukera. Behin beteta, Udal Erregistro Orokorrean entregatu behar da. Inprimakiak Erregistroan eta Udaltzaingoan ere badaude eskuragarri. Ez dago eskaera egiteko epemugarik.

“Kamiñaldeko eta Alde Zaharraren goiko aldeko kaleetako ibilgailuen trafikoa murriztu eta oinezkoen segurtasuna areagotzea da. Bizilagunen eskaritik abiatuta, irailean egindako auzo batzarrean ipini genituen oinarriak denok batera, eta orain iritsi da baimenak eskatu eta proiektua abiarazteko momentua”, esan du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak. Horretarako, bi matrikula irakurgailu ipiniko dira, bat Kamiñalde hasieran eta bestea Musika Plazaren parean. Bakarrik, baimenduak sartu ahal izango dira Kamiñalde, Kaleandi, Txomin Agirre, Iparkale eta Pixapera. Bizilagunekin adostu moduan, egunean behin, 30 minutuz eta 10 kilometro orduko abiaduran sartu ahal izango da, salbuespenak salbu. Arautegi dinamikoa izango da, bizilagunekin horrela adostu baitzen. Urtebeteren buruan balorazio batzar bat egingo da udalaren eta bizilagunen artean, eta aukera egongo da neurriak aldatu edo sistema hobetzeko.

OHIKO GALDERAK ETA ERANTZUNAK:

  • Zeinek eskatu ahal du txartela eta non eskatu behar da? Txartela, kale horietan erroldatuta dauden bizilagunek, baimendutako garaje edo lokalen baten jabetza daukatenek, gremioek, janari banatzaileek eta komertzioren bat daukatenek eskatu ahal izango dute. Baimena eskatzeko, bete eskaera orria eta entregatu Udal Erregistroan (Alamedako bulegoetan).
  • Nondik sartu behar da aipatutako kaleetara?

KAMIÑALDE: Kamiñaldetik sartu eta irten.

KALEANDI, TXOMIN AGIRRE ETA PIXAPE: Kamiñaldetik sartu eta Musika Plazatik irten.

IPARKALE: Musika Plazatik sartu eta irten.

  • Ez naiz baimendua baina arrazoi zehatz batengatik kale horietara sartu behar naiz. Zer egin behar dut? Udaltzaingora deitu, ahal izanez gero bezperan, zure kasua azaldu eta beraiek lagunduko dizute. Egokia bada, baimen puntuala emango dizute.
  • Baimendua naiz baina aldi batez, arrazoiren batengatik egunean behin baino gehiagotan edo ordu erdi baino gehiagoz sartu behar naiz. Zer egin behar dut? Udaltzaingora deitu, ahal izanez gero bezperan, zure kasua azaldu eta beraiek lagunduko dizute. Egokia bada, baimen puntuala emango dizute.
  • Eta gremioak etxera datozenean?

Obren kasuan, obra-baimena eskatzearekin batera gremioen ibilgailuen matrikulak sartu beharko dira. Gauza puntualetara datozen gremioen kasuan, Udaltzaingora deitu, ahal izanez gero bezperan, zure kasua azaldu eta beraiek lagunduko dizute.

  • Motorrek ere baimena beharko dute?

Bai, baimena behar dute.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina