Ondarroako Udalak 2023ko abenduan atera zituen lehiaketara Kamiñazpiko goiko aldean kanpoko igogailua egiteko eta hauen lanak zuzentzeko lizitazioak, baina ez da interesaturik aurkeztu. Hori ikusita, lehiaketaren baldintzak hobetu eta berriro ere lizitaziora ateratzeko prozesuari ekin dio udalak, enpresa eraikitzaileentzat interesgarriagoa izatea espero den baldintzekin.
Irina Alkorta Bedialauneta hirigintza zinegotziak esan du agintaldiko lehentasunetako bat dela Kamiñazpiko igogailua egitea, eta horretan ari direla: “ezustekoa izan da enpresa interesaturik ez agertzea, albiste penagarria. Zoritxarrez, gertatu ohi den gauza bat da, interes ekonomikoa handitzeko asmoarekin normalean. Hutsik geratu dela ikusita, lehenbailehen ekin diogu lizitazio berria prestatzeari”.
Hutsik geratu zen lizitazioak 703.446,98 euroko aurrekontua zeukan lanen exekuzioan, eta 53.000 eurokoa lanen zuzendaritzan; aurrekontuan zegoena eta iaz materialen izan zuten prezioen gorakada handia konuan hartuta atera zen obraren lizitazioa. Bi eskaintza horiek hobetu eta baldintzak ere malguagoak izanda aterako da lizitazio berria datozen hilabeteetan. “Lanean jarraituko dugu nahi baino atzerapen handiagoa daukan eta bizilagunentzat hain funtsezkoa den igogailu hau egin arte”.