San Inazio kaleko bizilagunek etxeak hustu dituzte lur jausia egonkortu arte

0

Herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditu udalak

Teknikariek egindako azken azterketetan Kamiñaldeko lur-jausian harri gehiago erori daitezkeela aurreikusi dute eta horregatik bizilagunak beraien etxeetatik ateratzea erabaki du Udalak. San Inazio kaleko etxebizitzetan bizi diren 50 familia ingururi eragin dio segurtasun neurri honek. San Inazio kaleko 9 atari hustu behar izan dituzte, guztira XX etxebizitza, 40. zenbakitik 50eraino. ‘Herritarren segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna, horregatik egoera egonkortu bitartean etxeak hutsik mantentzea erabaki dugu’ esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak, herritarrei egoeraren berri emateko egindako bileran.
2016-03-09

Senideen edota beste herritarren etxeetan gelditzeko aukera dutenek horrela egingo dute, besteentzako ordea, udalak, baliabideak eskainiko ditu. Hori horrela izanda, udalak herritarrei laguntza eskatu die. “Etxe hutsak dituzten herritarrei hauek eskuragarri jartzeko deia luzatu nahi diegu, larrialdi egoera honetan denak beharrezkoak izango baitira” azaldu du Bedialaunetak. Gaur bertan Udaltzainek bandoa pasatu dute udalaren eskaria herritarrei helarazteko. Baliabiderik ez duten herritarrak inguruko ostatuetan kokatzeko ahalegina egingo du udalak. “Etxerik eskuragarri izan ez duten 15 pertsonak Arrigorri ostatuan pasatu dute gaua, saiatuko gara hauentzako ere etxea aurkitzen baina bitartean Arrigorrin geratu beharko dute” gaineratu du.

Herritarrek gaiarekin izandako jarrera ona eta prestutasuna ere nabarmendu ditu udalak. “Hasiera-hasieratik udalak jarritako segurtasun neurriak errespetatu dituzte eta atzoko bileran ere lasaitasuna eta jarrera baikorra azaldu zuten” azpimarratu du Bedialaunetak.

Kaltetuentzako arreta zerbitzua ere eskainiko du udalak. Gaur bertan, udaletxean informazioa edo arreta behar duten kaltetuentzako bulego bat jarriko du martxan. “Informazioa edo laguntza behar duen guztiaren esku egongo den arreta zerbitzua ere martxan da” azaldu du Bedialauneta alkateak.

Kamiñalde

Egoera honek zenbat denbora iraungo duen aurreikustea zaila dela esan du udalak. “Teknikariak jarraipena zorrotza egiten ari dira baina oraindik goizegi da ezer esateko” gaineratu du alkateak. Auzokideei hasiera batean hamabost bat eguneko kontua izango dela aurreratu dio udalak baina alkateak behin eta berriro nabarmendu du ez dagoela beraien esku herritarrak beraien etxeetara bueltatzea: “Bi, bost hamar edo hogei eguneko kontua izan daiteke, zaila da guretzat zerbait konkretua esatea”. Hurrengo egunetan aldaketaren bat gertatzen bada, egoeraren berri emango du Udalak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina