Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz, ez daukagu ezelako zailtasunik

0

Ohi bezala, aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egitea tokatzen zaigu. Modu askotan egin dezakegu: etxean jasotako proposamena onartuz, gestoria baten bidez, Ogasuneko bulegora joanda, finantza erakunde batean… Edozein modutan egiten dugula ere, euskaraz egin dezakegu, gure hizkuntzan.
Euskararen normalizaziorako bidean beste pauso bat da hori, eta pauso sendoa izateko pauso txiki asko behar ditugu. Behar-beharrezkoa da herritarron parte-hartzea. Gure pauso txiki horietako bakoitzak balio handiagoa du euskararen aldeko edozein diskurtsok baino.

Ondarroako Udalak udalerri euskaldunekin bat
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere. Era horretara, beste behin ere zabaldu egingo da kanpaina Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herritan.
Kanpaina honekin bultzatu nahi dira euskarazko harremanak herritarren eta administrazioaren artean. Errenta aitorpena euskaraz egiten dugunean administrazioa ere euskaldunago egiten ari gara.
Euskara aukeratzea gure ohiko jardun baterako erabaki pertsonala da, baina, aldi berean, hori egitearekin batera, eremu guztietara zabaltzen ari gara gure hizkuntza. Udalerri euskaldunetako herritarrok ederto dakigu hori zer den.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina