Ondarroako Gizarte Ongizate batzordeak antolatuta, urriaren 2tik 22ra bitartera sentsibilizazio kanpaina egingo da Ondarroan. Egitasmoaren helburu nagusia ongizate batzordean parte hartzen duten taldeek egiten duten lana edo bizi duten egoera herrira zabaltzea da. Udalak horrelako egitasmo bat abian ipintzen duen bigarren aldia da, lehenengoa 2012an egin zen.
Horretaz gain, Gizarte Ongizate batzordea osatzen duten talde horien bueltan mugitzen diren pertsonen berri eman eta horien inguruan herritarrak sentsibilizatzea ere garrantzitsua da eta egitasmo horrekin sarritan izkutuan geratzen dena bistaratzea ere lortu nahi du udalak. “Ezagutzen ez diren gaixotasunak eta ezintasunak ezagutzera ematea garrantzitsua dela deritzogu” azaldu du Rakel Elu Ongizate arloko zinegotziak.
Sentsibilizazio kanpainaren baitan domekan, urriaren 2an, talde guztiak kalera aterako dira, eta informazioa banatzen arituko dira, 12:00etatik 14:00etara, Alamedan. Horretaz gain, hurrengo egunetan, taldeek lantzen dituzten gaien inguruko hainbat hitzaldi izango dira herrian. Gainera, Karenka taldeak Errenteriara irteera eta hamaiketakoa antolatu du.
Bukatzeko urriaren 14an belaunaldi arteko eguna ospatuko da Antiguako Ama elkartean. Aurten hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleekin mahai jokoak eta txokolatada egingo dira.