Augustin Zubikarai XVI. nobela saria: Katixa Agirrerentzat

0

Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) Amek ez dute idazten nobela proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamazazpi lan aurkeztu dira, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria datorren astean jasoko du Agirrek, hilaren 27an, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien barruan.

Amek ez dute idazten proiektuak amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, hari detektibesko baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta, are, obsesioa sortzen dio protagonistari. Idazlea da bera, eta ama ere bai. Emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du.

Katixa Agirre ikus-entzunezkoetako doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Haur literaturako zenbait liburuz gain, helduentzako hiru liburu argitaratu ditu: Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009) ipuin liburuak eta Atertu arte itxaron (2015) eleberria.

Bederatzi urtez nobela laburren lehiaketa izan zen, baina, 2010ean, formatuz aldatu, eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauek izan dira sariaren irabazleak eta lanak: Joxean Agirre (Zwei Frauen -bi emakume-), Itxaso Araque (Damutzen ez direnak), Garbiñe Ubeda (Hobe isilik), Garazi Kamio (Orube abandonatuak), Jasone Osoro (12etan bermuta) eta Miren Gorrotxategi (33 ezkil).

Ondarroan aurkeztuko dugu ostegun honetan bertan, Katixa Agirreren proiektuarekin batera, XV. edizioan beka eskuratu zuen Miren Gorrotxategiren proiektua, liburu argitaratu berria: 33 ezkil. Hori guztia Literatur Amuak egitarauaren baitan (urriak 27-azaroak 1).

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina