Euskal sorkuntza protagonista izango da ‘Literatur Amuak’ jaialdian

0

Literatur amuak jaialdiak euskal sorkuntzaz jantziko du Ondarroa, urriaren 27a eta azaroaren 1a bitartean. Urtero legez, herriko artistek lekua izango dute literatura ardatz duen jaialdian, eta Kirmen Uribek azken eleberriaren pasarte baten irakurraldia burutuko du. Elkarrekin esnatzeko ordua ondarroako idazlearen eleberria gainera, herriko bi pertsonaien bizimoduan oinarrituta dago eta idazleak berak ekitaldi berezia izango dela aitortu du. Nahia Iparragirre eta Eneritz Zeberio herritarrek ere Aharitopeka dantza ikuskizuna IMG_20161020_103504367eskainiko dute aurtengo edizioan.

Urtero moduan, herrian literatura oinarri hartuta antolatzen diren ekimenek lekua izango dute aipatutako jaialdian. Ipuin rallyaren sari banaketa, Agustin Zubikarai nobela sariak, Nanoipuin sari banaketa eta liburuen amuak ere jaialdiaren barruan izango dira. ‘Herrian literaturarekin lotura estua duten hainbat ekintza antolatzen dira, eta udalak ekintza horiek egitasmo bakar batean biltzea garrantzitsua dela deritzo’ azaldu du Eneritz Basurko euskara arloko zinegotziak. Horretaz gain, urtetik urtera gero eta indar handiagoa hartzen ari den egitasmoa dela uste du udalak eta horrek, aurrerantzean ere lan egiteko gogoa pizten diela azaldu du Basurkok. ‘Ondarroa moduko eremu euskaldunean euskal literaturak merezi duen lekua izatea ezinbestekoa da, euskaraz bizi garen moduan euskarazko literatura kontsumitzeko ohitura hartu behar dugu’ gaineratu du zinegotziak.

Agustin Zubikarai nobela sariaren irabazlearen izena urriaren 27an emango da jakitera. Epaimahaiko kideak Leire Bilbao eta, Ana Urkiza idazle ondarrutarrak eta Xabier Mendiguren izango dira. Ohikoa den moduan aurtengo irabazlea datorren urtean irakurri ahal izango da. Aipatutako saria 2001.urtean sortu zuen udalak Elkar argitaletxearekin batera Agustin Zubikarai omendu eta gaur egungo idazleei plaza berri bat eskaintzeko helburuarekin; baina sariak badu historia luzeagoa, izan ere, formatu ezberdinetan bada ere, 1992tik aurrera antolatzen du udalak.

Eszenatoki berriak

Egitarauan adin guztientzako ekimenak izango dira eta aurten gainera, espazio berriak berreskuratu ditu udalak. Izan ere, egitaraua Portuko Ranpa, Etxelila, Musika Eskola edota Gaztetxera ere zabaldu du. ‘Garrantzitsua da udalarentzat herriko espazio eta txoko guztiak literaturaz janztea, horregatik 5.edizio honetan eremua ere zabaldu egin dugu’ dio Basurkok.

Egitarau zabala

Diziplina ezberdinentzako agertokia izango da egitaraua. Aurten, gainera, berrikuntza bi ditugu; batetik, aurten, lehenengoz, Ondarroako Emakumeen Kontseiluak antolatutako ekimen batek lekua hartuko du: Testurak emakumez osatutako talde baten ikuskizuna izango da urriaren 28an, Etxelilan. Horretaz gain, berezitasun gisa, aurten galizierak ere lekua izango du Literatur Amuak jaialdian. Izan ere, hizkuntza txikiei egindako keinu lez, Todos os Mares, o Mar galizierazko poesia emanaldia ere izango da urriaren 29an, Galizizaleak elkartearen ekimena izan da eta galizierazko eta euskarazko poesia entzuteko aukera izateaz gain, saio osoa euskaraz jarraitu ahal izango da euskaraz idatzitako bertsioari esker. Egun horretan bertan beste amu bat botako zaio literaturari: Jasone Osororen 12etan bermuta liburuaren inguruan berba egingo dute Jose Mari Urteagak gidatutako irakurle klubean.

Poesia, dantza, musika… disziplina antzeko euskal sortzaile eta artistak bilduko ditu aurtengo Literatur Amuak jaialdiak. ‘Egunotan ez da aspertzeko tarterik izango Ondarroan, adin eta gustu guztientzako ekintzak izango dira herrian, egunotan Ondarroan badago zer ikusia’ esan du Basurkok.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina