Otsailaren 18an izango da Kamiñazpiko parkea herritarren artean eraberritzeko lehenengo parte hartze saioa

0

Kamiñazpiko parkean eraberritze lanak egin nahi ditu udalak baina egin beharreko aldaketak zeintzuk eta zertarako izango diren herritarrek erabakiko dituzte parte hartze prozesu baten bitartez. Herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute aipatutako parte hartze prozesuan, baita etxeko txikienek ere, izan ere 5urtetik aurrerako umeek ere beraien iritzia emateko aukera izango dute aipatutako prozesuan. Lehenengo hitzordua, otsailaren 18an, 11:00etatik 13:00etara izango da Kamiñazpiko parkean, eguraldi txarra egingo balu, inguruko gune itxiren batean egingo da aipatutako saioa.

Biztanle guztien eskubideak bermatzeko hirigintzan ere ikuspegi barneratzailea txertatu nahi du Ondarroako Udalak. Hau da, jendartean aniztasuna barneratuko duen hiria diseinatu nahi du, horretarako genero ikuspegia aintzat hartuz, herrian parte hartzen duten eragile eta norbanako guztien iritzia jaso nahi du prozesu berritzaile honen bitartez. ‘Zelako herria nahi dugun erabakitzea herritarroi dagokigu, herritar guztioi. Hori dela-eta herrian egin behar ditugun aldaketak guztion premia eta nahietara egokitzea garrantzitsua da’ azaldu du Oier Lertxundi Ondarroako Hezkuntza Batzordeko eta parte hartze prozesuko arduradunak. Hori gauzatu ahal izateko estreinakoz adin guztietako erabiltzaileei zuzendutako parte hartze prozesua jarriko du martxan udalak. ‘Herriko txikienak izango dira parkeko erabiltzaile nagusiak eta etorkizuneko Ondarroan biziko direnak, ezinbestekoa da beraien nahiak ere biltzea’ gaineratu du Lertxundik.

Udalarentzat garrantzitsua da prozesu honetan parte hartze anitza bermatzea.’Herritar guztion beharrizanak eta nahiak bildu nahi ditugu, denontzako egokia eta erabilgarria izango den parkea eratzeko’ gaineratu du Lertxundik.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina