‘Literatur Amuak’ jaialdiak Ondarroako eta Euskal Herriko erreferenteak batuko ditu

0

Aurten ere, herriko zein Euskal Herri osoan ezagunak diren artista eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango da azaroaren 1etik 5era bitarte. Literatura oinarri hartuta aste osoan zehar adin guztietarako proposamenak izango dira, baita herritarrek euren sorkuntza garatzeko aukerak ere.

Urtero moduan, literatura oinarri hartuta herrian antolatzen diren ekimenak izango dira aitzakia nagusia egitarauari hasiera emateko: Ipuin rallya ikastetxeetan, Agustin Zubikarai nobela sarien aurkezpena eta Nanoipuin lehiaketako sari banaketa. Liburuen amuak irakurle taldearen hitzordua ere izango da, ohi moduan, hileko azken zapatuan: Anjel Lertxundiren Zu liburuaren inguruan urriaren 28an eta azaroaren 25ean Philippe Caludelen Lihn jaunaren biloba.

Agustin Zubikarai nobela sariaren irabazlearen izena azaroaren 1an emango da jakitera. Epaimahaiko kideak Leire Bilbao, Ana Urkiza idazle ondarrutarra eta Xabier Mendiguren izango dira. Ohikoa den moduan, iazko irabazleak sariarekin argitaratuko den liburua aurkeztuko du: Katixa Agirre izan zen saritua eta ‘Amek ez dute idazten’ da nobelaren izenburua, amatasuna eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz gogoeta egiten duena.

Saria 2001.urtean sortu zuen Udalak Elkar argitaletxearekin batera Agustin Zubikarai omendu eta gaur egungo idazleei plaza berriak emateko helburuarekin; baina sariak badu historia luzeagoa, izan ere, formatu ezberdinetan bada ere, 1992tik aurrera antolatzen du Udalak.

Bestalde, nanoipuin lehiaketak 7. edizioa du aurtengoa. Ekimen honi esker gozatu ahal izango dugu zuzenean literaturaz dosi txikietan, izan ere ipuin horien laburrak (140 karaktere besterik ez, twitterren antzera) aukera ematen baitu jendaurrean irakurtzeko.

Egitarau zabala

Egitarau zabala izango da herritar guztientzat irekia eta doan. Literatura oinarri izan arren, diziplina ezberdinentzako agertokia izango da egitaraua. Haurrentzat poesia lantzeko tailerra egingo dute azaroaren 1ean 12:00etan Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak kaleratu berri duten Xomorropoemak eta Piztipoemak poesia liburuetan oinarrituta, txikienei zaletasuna eta sormena sustatzeko. Bilbaoren olerkiak eta Mutuberriaren ilustrazioak dituzten bi liburu hauekin Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria irabazi berri du Bilbaok.

Azaroaren 2an Xixili errezitaldia aurkeztuko du Txakur Gorria kolektiboak. Nerea Ibarzabal bertsolari eta kazetariak, Mariñe Arbeo diseinatzaileak, Malen Amenabar ilustratzaileak eta Ane Labaka bertsolariak osatzen dute eta burutik jota zegoela esaten zioten emakume baten histeria errezitaldia aurkeztuko dute.

Azaroaren3an Harkaitz Cano idazlea Maite Arrotajauregi (Mursego) musikariarekin batera arituko da, Porto emanaldia aurkezten. Ardoaren gaia aitzakia hartuta gure gaur egungo bizitzari egindako hurbilpena liriko umoretsua da. Fernando Pessoa, Rafa Berrio eta beste hainbat egileren testuetan oinarrituta ondutako kantuen konposizioekin batera arituko da Mursego ohikoa duen inprobisazio gaitasuna erakutsiz.

Azaroaren 4ean Pello Añorgak ipuinak nola sortu tailerra emango du goizean. Izena eman beharko da aurrez Udalaren euskara sailean 946833668 telefonora deituz edo mrey@ondarroa.eus era idatziz.

Azaroaren 5ean Uxue Alberdirekin gosaltzeko aukera izango da eta bitartean Jenisjoplin bere nobela berria aurkeztuko digu; Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria izango du lagun.

Musikak paper berezia izango du asteburuan

Zapatuan (azaroak4) herriko Keu Agirretxeak Jon Gurrutxaga musikariarekin batera kontzertua emango dute 22:30etan. Norbere diskoetan eta zuzenekoetan batak bestearen laguntza izan dute, oraingoan elkarrekin sortutako kantu bat ere aurkeztuko dute. Datozen hilabeteetan Euskal Herri osotik bira egingo dute.

Eta domekan (azaroak5) aurkezpenik behar ez duen Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu musikariak Gotzon Barandiaren idazlearekin batera zuzeneko emanaldia eskainiko du 19:00etan kofradia zaharrean. Lehendik ere bi sortzaileak Katamalo proiektuan kolaboratzen ikusi genituen.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina