Aurtengo Literatur Amuak jaialdia aurkeztu du Ondarroako Udal Euskara Batzordeak. Leire Beitia zinegotziak, Maite Rey euskara eta hezkuntza teknikariak, Aiert Goeneagak eta Joxemari Urteagak egin dute prentsaren aurrean aurkezpena. Urriaren 31n hasi eta azaroaren 4ean bukatuko da ekimena.
Urriak 27 zapatua. LIBURUEN AMUAK IRAKURKETA TALDEA
Gelditu zaitezte gurekin. Ana Malagonen liburua
10:00 · 12:00 Liburutegian
Irakurraldien egitarauaren hasiera. Liburua lasai asko komentatuko da Joxemari Urteagarekin. Ordu bi, bete-beteak, solasaldirak
Urriak 31 Eguaztena
AUGUSTIN ZUBIKARAI IPUIN RALLYA
Herriko ikastetxeetan ipuin rallyaren VII. edizioa egingo da.
9:00etan hasita Herriko Ikastetxeetan
Ordubeteko denbora izango dute ikasleek ipuin bat idazteko, momentuan bertan emango zaien esaldi bat erabilita.
Azaroak 1 Eguena
ZUBIKARAI SARIAK
Liburu aurkezpenak: Katixa Agirre (2016 saria) eta Xabier Etxeberria (2017 saria) 2018ko proiektu berriaren irabazlearen aurkezpena.
19:00etatik aurrera Kofradia Zaharrean
Liburu aurkezpen bi eta nobela proiektu berri bat, hirurak AUGUSTIN ZUBIKARAI beka irabazitakoak:
- Xabier Etxeberriaren nobela: Berriro itzuliko balitz – ELKAR argitaletxea
- -Katixa Agirreren nobela: Amek ez dute – ELKAR argitaletxea
- -Proiektu berriaren irabazlea
NANOIPUIN LEHIAKETA
Saria ematea eta irakurraldia
Zubikarai sarien ondoren Kofradia Zaharrean
TTAK BAKARRIZKETA SAIOA
Beatriz Egizabal klown eta antzerkilaria
Nanoipuin lehiaketaren ondoren Kofradia Zaharrean
Euskaraldia ariketa kolektiboaren harira, umorea ardatz duen bakarrizketa saio bat eskainiko digu antzerkilariak. Euskaraldia zer den azaldu eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gertatuko denaren berri emango digu umoretsu jarrita. Hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa egingo dugu berarekin batera.
Azaroak 2 barikua
LUR (Xake produkzioak)
17:30etan Bide onera zinema aretoan
Sei urte beteko dituen bilobari opari berezi bat prestatzen ari zaio Julian: berarentzat propio egindako panpina. Anek eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desioak betetzen dituen izar majiko baten bila. Ane da antzezlanaren protagonista, bulba duen mutil bat; baina antzezlanaren gaia ez da hainbeste haur transexualitatea, baizik eta norbera den bezala maitatua eta onartua izatearen garrantzia.
GURE OROITZAPENAK Filmaren aurkezpena eta proiekzioa
22:00etan Kofradia Zaharrean
Gure Oroitzapenak egiteko ideia Kubatik bertatik sortu zen. Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioa ikus-entzunezkoetara ekartzeko
ahalegin bat da. Hamabi zuzendarik hartu dute parte film kolektibo honetan. Hamabi begirada desberdinek osatzen dute filma, zuzendari
bakoitzak film labur bana egin baitu. Zuzendarietako bat etorriko zaigu filma aurkeztera.
Azaroak 3 zapatua
IDAZLEA ZU ZARA Dejabu Panpin Laborategia eta Artedrama. Haurrentzako. 25 lagun, gehienez.
11:00etan Liburutegian.
Joseba Sarrionandiaren izen bereko ipuin liburuan oinarrituta, haurrentzako ipuin kontaketa dramatizatua. Liburuan topatu dugu leihoak marrazten dituen neskatila. Mundua luzea eta zabala dela erakutsi digu eta leihoak pintatzen dizkigu zati txikitan ikusi ahal izateko. Bizitzaz gehiago ikasten da oinak ipintzen diren lekuaz pixka bat haratago eramanez gogoa. Aukera eder bat hausnartzeko, deskubritzeko galderek ez dutela erantzun bakarra, burutapenak eta pentsamoldeak ez direla norabide bakarrekoak… eta, zergatik ez, amets egiteko.
BERTSO SAIO LITERARIOA Danele Sarriugarte idaztea eta Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak elkarlanean arituko dira.
19:00etan Kofradia Zaharrean
MIKEL URDANGARIN
22:00etan Kofradia Zaharrean
Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko du Nika Bitchiashvili biolin-jotzailearekin.
Azaroak 4 domeka
HITZEN AHAIREA Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda
11:30etan MOBYDICK Tabernan
Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Eragina al du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko? Zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Eta bihar, zeri kantatuko diogu?
EMAKUME BURUGABEA
Oholtzan: Antxiñe Mendizabal, Nerea Gartzia eta Pello Ramirez. Zuzendari artistikoa: Oier Guillan
19:00 Kofradia Zaharrean
Emakume burugabea Antxiñe Mendizabalek idatzitako poesia liburua da. Liburua oinarri harturik, performance bat eskainiko digute, musika, hitza eta mugimendua uztartuta. Bere burua okupatzeko beharra duen emakume bat da protagonista. Metaforek lagunduko digute emakume askoren egunerokotik oso gertu dauden bizipenen lekukoa izaten, askatasun eta maitasun kantu bihurtuta.
Iruzkin 1
Pingback: Asteazkenean abiatuko da Ondarroako Literatur Amuak jaialdia – Kultur Sharea