Apirilaren 11ean hasi dira Oion enpresako langileak Plaiko Zubia konpontzeko lanekin. Joan den astean Aldundiko ordezkariak Ondarroako Udaleko ordezkariekin batu ziren lanen nondik norakoak azaltzeko. Bederatzi hilabete inguru iraungo dute lanek.
Aurrekoetan baina partida handiagoa jarri behar izan du Bizkaiko Aldundiak Plaiko Zubiko lanetarako: 664.571,63 euroko aurrekontua izango dute lanek, hasieran aurreikusitakoa baina ia 200.000 gehiago.
Mota honetako lanak egiten espezializatuta dagoen Galdakaoko Orion enpresari esleitu dizkiote lanak.
Zubia itxita dago 2016ko abuztuaz geroztik, segurtasuna bermatzeko, eta birgaitze lanei esker, zubiak biratzeko gaitasuna berreskuratuko du. Horretarako, metodo tradizionalak erabiliko dituzte; artisau eran konponduko dute, zubia eraikitako garaiaren antzera.
Zubia zatika desmuntatu eta tailer berezi batean egingo dituzte zaharberritzeko lanak. Eta konpondu ondoren, berriro jarriko dituzte ohiko tokian. Pasabidearen egitura eta behegaineko egurra konponduko dituzte. Era berean, barandak gorago ipiniko dira, herritarren segurtasuna bermatzeko. Zubiaren engranaje sistema ere konponduko dute, berriro ere birakari bihurtzeko. Mekanismo originalak nahikoa hondatuta daude, eta horretarako pieza berriak eraiki beharko dituzte.
Aldundiak 2018ko urrian amaituko zirela publikatu zuen hasiera batean eta lanaren dimentsioa gaizki aurreikustearen ondorioz izugarri atzeratu dira lanak. Bilera ugari egin behar izan direla adierazi du Zunbeltz Bedialaunetak, igarotako denbora guzti honetan “herritarrak izanik kaltetu nagusiak”. Egindako lanarekin “pozik” agertu da alkatea, eta hemendik aurrera “akordioak bilatzeko lanean jarraituko dutela berretsi du, gainontzeko erakundeekin elkarlana sustatuz”.