Udalak zenbait neurri zehatz hartu ditu Andramarietarako: aparkalekuak, hondakinak, igogailuak eta Udaltzaingoa

0

Urtero legez, Ondarroako Udalak aparkalekuen, hondakinen kudeaketaren, komunen, igogailuen eta udaltzaingoaren funtzionamenduaren inguruan hainbat aldaketa egingo ditu jaiak direla eta.

Aparkalekuei dagokienez, Zaldupeko anexoa, institutuko jolastokia eta kiroldegiko aurrealdea eta frontoia izango dira aparkaleku nagusiak; zapatutik astelehenera egongo dira erabilgarri. Hala eta guztiz ere, udalak kanpotik datozenei garraio publikoa erabiltzeko deia luzatzen die. Abuztuaren 10erako Kafeko Atzeko txosnak dauden aldeko aparkalekuak hutsik egon beharko dira eta 15ean eta 16an Itsasaurreko aparkalekua hutsik egon beharko da urteroko umeen jolas parkea ipini ahal izateko. Segurtasuna bermatze aldera, larrialdietako ibilgailuen sartu-irtena oztopatu daiteken lekuetan ere ibilgailurik ez aparkatzeko azpimarratu dute udal ordezkariek.

Kafeko Atzeko eskuin aldeko aparkalekua zapaturako hustu beharko da.

Edukiontziei dagokienez ere udalak esfortzu berezia egingo du eta hondakinak sailkatzeko edukiontzi gehiago ipiniko ditu herriko kaleetan. Horrela, hondakinekin garbi jokatu eta hauek ahalik eta gehien bereizi nahi dira. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak esan du hondakinen gaia oso garrantzitsua izaten dela herrian jairen bat dagoenean eta herritarrak inguruarekin garbi jokatzera animatu nahi izan ditu: “ondarrutarrok izan behar gara gure herria zaintzen lehenak”. Ipiniko diren komunak ere erabiltzeko direla gogorarazi du, eta dei berezia egin nahi izan du etxeetako atariak, zuhaitzak eta kalean dauden ibilgailuak errespetatzeko.

Herriko ondasunek jasan izan dituzten kalteak ahalik eta gutxien izateko, abuztuaren 13an, 14an, 16an eta 17an itxita egongo dira Kantoipeko eta Iparragirre kaleko igogailuak gaueko 23:30etik aurrera; herriko gainontzeko igogailuek ohiko funtzionamendua edukiko dute.

Udaltzaingoak ere bere ohiko jarduna moldatu egingo du eta abuztuaren 14an, 15ean, 16an eta 17an 24 orduz egongo dira zerbitzua eskaintzen. 94 683 36 73 da bulegoko telefono zenbakia.

Kantoipeko eta Iparragirreko igogailuen ordutegiak moldaketak edukiko dituzte.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina