`Afrikanerrak´ liburua aurkeztuko du datorren astean Eneko Barberenak, 2018ko Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren irabazleak

0

Eneko Barberena Mondragon idazleak irabazi zuen iazko Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Orduz geroztik, ia urte bete eduki du Barberenak bere proiektu irabazlea nobela bihurtzeko eta astelehenean emango du ezagutzera Elkar argitaletxeak Donostian duen egoitzan. Bertan egongo da Eneritz Basurko Pagoaga alkateordea. Asteazkenean (urriak 30) aurkeztuko du Afrikanerrak Ondarroan, 18:00etan Kofradia Zaharrean hasiko den ekitaldian.

[LITERATUR AMUAK: EGITARAUA]

Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearen laguntzarekin kaleratzen duen nobela bekak arrakasta handia dauka euskal idazle gazteen artean; Eneko Barberenaren proiektua izan zen beste hainbat lanen artean epaimahaiak aukeratu zuena iaz. Orain, proiektu hartatik dator Afrikanerrak.

Gerra apenas nabari da Arrasateko kaleetan. Hori da akaso atzeguardiaren berezitasuna, frontetik urrun bizitzak aurrera egiten duela, kontzientzia-erruduntasunaren eta eguneroko errutinaren arteko nahasketa arinean bada ere. Hona odol zipriztinak urardoturik iristen zaizkigu. Telebistan bai, han hitz egiten digute gerraz, hitz larri eta pisutsuz. Batik bat Europar Batzordeak legez behartu zuenetik komunikabide publiko guztien albistegiek hasiera komuna izan behar zutela: europarra.

[LITERATUR AMUAK: EGITARAUA]

SINOPSIA. Etorkizun hurbil batean, Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea hartu dute, migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz. Armadan izena emateko nahiko gazterik ez, eta zozketa bidez hornitu beharko dira Magreben gure zibilizazioaren balioak zainduko dituzten euskal konpainiak. Handik aski urrun, lanaren eta ezkobizitzaren errutinankatigaturik bizi dira Eider eta Aitor: herriko liburutegiko langilea da bata, Gasteizen eskola publiko bateko zuzendaria bestea, biak ere funtzionarioak eta seme txiki baten gurasoak. Distopien tradizio luzea geure alearekin aberastuz, geroaren deskribaketa aseptikoaren itxurapean egungo gizarteari zuzentzen dio Barberenak begirada zorrotza, sarritan umoretsu eta beste askotan gupidagabea, prospektiba-ariketa burutsu bezain kitzikagarrian hainbat gai eta arlo maiseatuz: kultura, komunikabideak, industria, aisia, kontsumoa, eskola, politika, migrazioa, aberria, gerra…

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina