Batzar irekia egingo du Danonartin elkarteak azaroaren 26an, boluntarioak bilatzeko

0

Danonartin elkartea beharrizana duten Ondarroa eta Berriatuko familiei elikagaiak banatzez arduratzen den elkartea da, eta bertan aritzen direnak boluntarioak dira. Urte hauetan lanean aritu direnek taldea uztea erabaki dute, eta boluntario gehiago batu ezean Danonartin elkarteak ezingo du funtzionamenduan jarraitu. Herritar guztiak deituta dauden batzar irekia egingo da asteartean (azaroak 26) 18:00etan Kofradia Zaharrean.

Batzarraren helburua herritarrei elkartearen funtzionamendua azaltzea eta boluntarioak batzea da. Boluntarioen lana erraza da, eta funtsezkoa bezain garrantzitsua beharrizanak dituzten herriko hainbat familiarentzat: hilabetean behin kamioia deskargatzen dute, eta hilabetean behin elikagai orgatxoak prestatu eta banatu. Orga bakoitzean sartu beharreko elikagaiak Gizarte Zerbitzuek zehazten dute, beraz, boluntarioek banaketa lanak egiten dituzte.

“Ez da lan handia, eta ematen den laguntza izugarria da. Herritarrek asko eskertzen dute”

Ondarroako Udaleko Ongizate Batzordetik eta Danonartin Elkartetik oso garrantzitsua deritzote boluntarioak hainbat arinen aurkitzea: “dozena bat laguneko adin desberdinetako taldetxo bat osatzea da helburua, elkartearen funtzionamendua bermatzeko”. 2011an sortu zen Danonartin, eta ordutik hona oso funtzionamendu ona eduki duen arren, abenduan ez du banaketarik egingo boluntario faltarengatik. “Ez da lan handia, eta ematen den laguntza izugarria da. Herritarrek asko eskertzen dute”.

Elikagaiak deskargatzea eta banatzea dira boluntarioek egin beharreko lanak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina