Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak esan du irailaren amaieran ezarri zituen uraren kontsumoa erregulatzeko neurriak bertan behera geratzen direla, azken asteotan egindako euriteei esker Lea-Artibaiko arroetan zegoen ur eskasia amaitu baita. Hala eta guztiz ere Ondarroako Udalak uraren kontsumo arduratsua egiten jarraitzeko eskatu du.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak azpimarratu du irailean erregistratu zen urritasun-egoera amaitu arren oraindik ere “ofizilaki ez dela gainditu aurre-alerta egoera”, hori ofizialki esan ahal izateko azaroko datuak ebaluatzea beharrezkoa izango baita. Egun, Ondarroara ailegatzen den uraren hartunean erabilgarri dagoen kopurua nahikoa da zerbitzua leheneratzeko, beraz, ezarritako mugak bertan-behera geratzen dira gaurtik aurrera.
Ondarroako Udalak gogorarazi du aurre-alerta egoera hau etorkizunean etorri daitekeen gabezia baten abisua izan dela, abisu garrantzitsua, eta horregatik behar-beharrezkoa dela ur-kontsumo arduratsua egiten jarraitzea: “ura beharrezkoa dugu bizitzeko, eta guk zaintzen ez badugu gero damutu egingo gara”.
URA AURREZTEKO GOMENDIOAK
- Sukaldean ura aurrezteko gomendioak:
- Platerak eta mahai tresnak xaboiarekin garbitzerakoan iturria itxita eduki.
- Iturriak erabiltzen ez dituzunean saihestu tantaka uztea.
- Ontzi garbigailua beteta dagoenean erabili bakarrik eta ahal izanez gero energia aurrezteko programaren batean.
- Frutak eta barazkiak ontzi batean garbitu iturri azpian beharrean.
- Aurreko puntuan aurreztutako ura erabili landareak ureztatzeko.
- Ur epeletan eduki ontziak garbitu baino lehen minutu batzuetan.
- Komunean ura aurrezteko gomendioak:
- Hortzak garbitu bitartean iturria itxita eduki.
- Ilea garbitu bitartean dutxa itxi.
- Bainatu beharrean dutxa hartu, eta beharrezkoa den denboran bakarrik.
- Kontrolatu komunak ez duela isuririk eta katetik tiratzerakoan zisternak ez duela urik galtzen.
- Dutxan difusore bat ipini, ura aurrezteko balioko du.
- Lorategietan ura aurrezteko gomendioak:
- Landareak goizean edo gauez ureztatu, ordu eguzkitsuenak direnak saihestuz ura arin ez lurruntzeko.
- Ikusi ea ureztatze sistemetan isuriak dauden, lorategietan ohikoa baita isuriak egotea eta ez ikustea.
- Erabili erratza ostoak eta lorategiko bestelakoak batzeko, ura beharrean.
- Eremu txikiak ureztatu ureztontzi bitartez, eta handiagoak sistema automatikoen bitartez.