Augustin Zubikarai ipuin rallyko lan sarituekin liburuxka argitaratu du Ondarroako Udalak

0

Azken urteetan egin bezala, Augustin Zubikarai ipuin rallyko lan sarituekin liburuxka bat argitaratu du Ondarroako Udalak. Liburuxka horretan VIII. Ipuin rallyko hamabi lan sarituak daude irakurgai; bi ordutan idatzitako ipuinak dira guztiak. Azken lehiaketara 359 lan aurkeztu ziren eta Ana Urkiza Ibaibarriagak eta Leire Bilbao Barrietabeña idazle ondarrutarrek osatutako epaimahaiak lan handia egin behar izan zuen sarituak nor izango ziren aukeratzeko.

Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak esan du umeen iruditeriaren islada dela liburuxka hau. Esaldi bat eman genien bi ordutan ipuin bat idazteko, eta lan ikaragarriak agertu dira, epaimahaikideek azaldu zuten bezala, “maila handikoak”. Lehen Hezkuntzako ikasleei emandako esaldia, nahitaez ipuinean agertu behar zena ohetik jaiki eta leihora hurreratu zenean ezin zuen sinistu ere egin ikusten zuena, eta Bigarren Hezkuntzakoei emandakoa, ostera, susmoa hurrengo egunean bertan baieztatu zuen esaldia.

Euskara zinegotziak ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan VIII. aldira iritsi arte proiektua aurrera eramaten lagundu duten guztiak: “euskara batzordeko kideak, Leire Bilbao eta Ana Urkiza epaimahaikideak, gaztetxoan bidelagun diren irakasleak eta sari banaketari gatza eta piperra jarri zion gure aurkezle kuttun Ugaitz Alegria, Batxilergoko Ane Alkorta eta June Otxoantesana ikasleen laguntzarekin. Mila esker guztioi!”

Hauek dira lehiaketako lan sarituak eta beraz, liburuxkan argitaratu direnak:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailak: Laia Retolaza eta Irati Aranbururen Bizitzaren momentu zoragarriak, Izaro Oñederra Zenarrutzabeitiaren Dimentsio arraroak, Jare Bedialauneta eta Enara Hortaren Hawaiko bidaia, Nerea Laka Belaustegiren Ikutu eta bidaiatu eta Nahia Rojas Urbietaren Irene bakarrik munduan.

DBH 1eta DBH 2: Xabier Urteaga Zendoiaren Banketxeko lapurreta, Eneritz Urrosoloren eta Aiora Diezen Lau hormen artean eta Maddi Badiola Leonen Pirata txikiak.

DBH 3 eta DBH 4: Jon Martinez de Azagra Martinez de Lucoren 40 urteko gizon baten abentura, Izaro Arizaga eta Ane Gomezen 101.logela, Laia Landaribar Urrosolo eta Enara Aranbarri Lersundiren Ahaztua eta Haizea Elu Etxebarria eta Enara Bilbao Etxebarriaren Kate hotsak gela ilunean.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina