Konponduta dago Iparragirre eta Iparkale lotzen dituen igogailua, matxura konpondu ostean

0

Igogailuen mantentze lanak egiten dituen Orona enpresa gipuzkoarrak gaur (urtarrilak 13) aldatu du matxuratuta zegoen Iparragirre eta Iparkale lotzen zituen igogailua. Igogailuak ateko mekanismoa eduki du matxuratuta eta pieza horiek kanpotik ekarri behar izan direlako egon da itxita igogailua. Igogailua ixtearen arrazoi bat eta bakarra mekanismo horren matxura izan da, eta ez kanpoko kristala arrakalatuta egotea; “ez dakit nondik atera den igogailua zarratzearen arrazoia kristala bakarrik dela”, azpimarratu du alkateak; mekanismoa konpontzeko lanak baliatu dira kristala aldatzeko ere. Ondarroako Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei igogailua konpontzeko behar izandako denborarengatik, baina beharrezko pieza iritsi eta ipini bitartean segurtasuna bermatzearren egon da itxita igogailua.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak barkamenak eskatu ditu: “herritarrei barkamena eskatu nahi diet askorentzat hain garrantzitsua den igogailua konpontzeak eraman digun denborarengatik. Igaro berri diren datetan ez da bat ere erraza izan enpresa hornitzaileari pieza iritsi eta ipini ahal izatea eta horregatik atzeratu da guztia. Barkamena eskatzen diegu bizilagunei, baina argi laga nahi dut igogailua ixtearen arrazoia ez dela izan kristala arrakalatuta egotea. Arazoa kristalarena izan bazen bakarrik udalak konpondu ahal izango zuen; kristala neurrira eskatu eta egun batetik bestera ipiniko genuen martxan igogailua, baina arazoa ez da kristala izan”. Industria Ministeritzaren ikuskapen batean adierazi zitzaion Orona enpresari, Ondarroako igogailuen ardura duen enpresari, igogailua konpondu egin behar zela, segurtasuna bermatzeko, nahiz eta hauen ustetan erabilgarri egon.

“Enpresa hornitzaileak data bat eman zigun lehenengo (abenduak 23), beste bat gero (urtarrilak 6) eta azkenean gaur konpondu ahal izan dute”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak argi utzi nahi du konponduta egoteraino egun asko igaro izanak ez duela esan nahi udala geldirik egon denik: “enpresa hornitzaileak data bat eman zigun lehenengo (abenduak 23), beste bat gero (urtarrilak 6) eta azkenean gaur (urtarrilak 13) konpondu ahal izan dute”. “Igogailua konpontzeko epeak luzatu izanak bi arrazoi ditu: lehenengoa, eta garrantzitsuena, piezaren jatorria izan da, atzerritik ekarri behar izan baitute, eta bigarrena, pieza hori Euskal Herrira iritsi ahal izateko edukitako arazoak Gabon datak direla eta”.

Alkateak azpimarratu du Ondarroako Alde Zaharrera iristeko dauden zailtasunak ikusita eta bertan bizi direnen irisgarritasuna bermatzeko lanean ari dela udala: “askotan lanaren emaitzak ez dira egun batetik bestera iristen baina udala herri guztian herritar guztien irisgarritasuna bermatzeko baliabideak aurkitu nahian ari da”.

Kantoipeko igogailua

Gabon Zahar gauean Kantoipeko igogailua matxuratu zuen norbaitek igogailua behar bezala eta arauak betez ez erabiltzearren. Igogailu hori matxuratzeak herritar asko euren etxeetara eta hurrengo eguneko elizkizunera joan ahal izan gabe utzi zituen: “badakigu herritar askorentzat oso garrantzitsua dela urteko lehen eguneko elizkizuna eta norbaitek igogailua matxuratu zuelako hainbat herritar geratu ziren zerbitzua erabili ezinda”. Ondarroako Udala enpresa hornitzailearekin harremanetan jarri eta hurrengo egunerako martxan zegoen berriz ere Kantoipeko igogailua.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina