Kiroldegiko instalakuntzetan egingo diren hobekuntzak direla eta igerilekuak itxita egongo dira datorren astean eta ez da egongo ez ur berorik ezta berogailurik ere

0

Ondarroako Udalak hainbat hobekuntza egingo ditu Zaldupe udal kiroldegiko bi instalaziotan: alde batetik igerileku handiko ura garbitzeko iragazkiak berrituko dira eta bestetik dutxatzeko uraren biltegia berrituko da, 1500 litroko edukiera izatetik 2000 litroko edukiera izatera pasatuz. Lan hauek direla eta Zaldupe udal kiroldegiko bi igerilekuak itxita egongo dira urtarrilaren 27tik otsailaren 3ra arte eta kiroldegian ez da ur berorik eta berogailurik egongo urtarrilaren 27tik asteburura arte.

Lan hauek Ondarroako Udalak Zaldupe udal kiroldegiko instalakuntzak berritzeko proiektuaren barruan kokatzen dira. Kiroldegia 1985ean zabaldu zen eta orduz geroztik egondako aurrerapausoak baliatu ditu Ondarroako Udalak hobekuntza horiek kiroldegian ezartzeko. Igerileku handiko ura iragazteko sistemari dagokionez hondarra kendu eta mikrobeira ezarriko da material iragazle bezala. Beste aldetik, erabiltzaileek dutxatzeko erabiltzen duten uraren biltegia ere handitu egingo da, kiroldegiko arduradunek esan dutenez “ordu zehatz batzutan zerbitzua ematea kosta egiten zelako zegoen erabiltzaile kopuru handiarengatik”; horretarako 1500 litroko biltegiaren ordez 2000 litroko beste bat ipiniko da.

Igerilekuak itxita egongo diren arren eta dutxa berorik eta berogailurik egongo ez den arren instalakuntzak zabalik jarraituko du eta gainontzeko leku guztiak ere erabilgarri egongo direla azpimarratu dute Zaldupe udal kiroldegitik.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina