Zenbait herritarrek jakinarazi zioten Ondarroako Udalari Korteta inguruko errekasto batean ura ohi baino zuriagoa zetorrela. Hori ikusita udalak Eusko Jaurlaritzaren URA agentziara deitu zuen eta astelehenean (otsailak 17) etorri ziren laginak hartzera.
Lehenago ere ura ohi baino zuriago etorri izan dela esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak: “URAko teknikariek esan ziguten euri urek inguruko mineralekin egiten zuten erreakzio kimikoaren ondorioa zela ura zuriagoa etortzea. Oraingoan hori ere bada aukera bat, baina badaezpada zehaztasun azterketa bat egiteko eskatu diogu URA agentziari”. Azterketa horren emaitzak iritsi bitartean eta ura zuriagoa izatearen arrazoi zehatzak jakin arte tentuz jokatzeko eskaria egin du Ondarroako Udalak: “ez dakigu naturak eragindako zerbait den edo norbaitek isuritako produkturen baten ondorioa, beraz, emaitzak iritsi arte kontuz ibiltzeko eskatzen diet inguru horretako herritarrei”.
Ondarroako Udalak URAren emaitzak jasotzen dituen momentuan argitaratuko ditu, herritar guztiek jakin ditzatzen.