Beharrizana daukaten haurren familiei elikagai banaketa berezia egingo die Danonartin elkarteak, Ondarroako eta Berriatuako Udalen laguntzarekin

0

Danonartin elkarteak, Ondarroako eta Berriatuko udalen laguntzarekin, beharrizan bereziak dituzten haurren familiei elikagai banaketa berezia egingo die datorren astean, hilero egiten duten ohiko banaketaz aparte.

Danonartin elkarteko kideek azaldu dutenez, Ondarroa eta Berriatuan dauden beharrizan berezidun adin-txikikoen familiei ez-ohiko banaketa egitea erabaki da larrialdi egoerak sortutako gorabeherak direla eta. Danonartin elkartean boluntarioak aritzen dira eta Ondarroako eta Berriatuako udalekin batera eta gizarte zerbitzuen laguntzarekin erabaki dituzte banaketak egiteko irizpideak. Oraingoan, gainera, Danonartin elkarteak esfortzu berezia egin du eta adin txikikoak tartean daudela kontuan hartuta janari freskoa ere sartuko dute banaketa kutxetan.

Danonartin elkartearen lokala.

Danonartin elkarteko kideek eta bi udaletako alkateek, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriagak eta Jon Arriola Espillak eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektuan laguntzen duten dendari eta laguntzaile guztiei: “beraien laguntza ezinbestekoa da proiektua aurrera eramateko”. Amaitzeko, esker berezia eman nahi izan diote La Caixari ere, urteko ekarpenaz gain osasun alarma egoeran egonik egindako ekarpen bereziarengatik.

Danonartin elkarteak hilero egiten duen banaketa martxoaren 30ean egingo da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina