Koronabirusaren hedapenaren aurrean prebentzio eta babes neurri gisa hartu du Ondarroako Udalak herria desinfektatzen hasteko erabakia. Ez dira kasuak gehitu Ondarroan, eta hori gertatu baino lehen neurriak hartzen ari da udala. Aste honetan hasiko dira udal langileak sulfatadorekin herriko zenbait txoko desinfektatzen; birusa transmititzeko arrisku handienak dauden lekuetatik hasiko dira.
Udalak ez du jabetza pribaturik desinfektatuko, beraz, norbait etxea desinfektatzeko asmoz etorriz gero ez zabaldu aterik eta deitzu udaltzainei edo ertzainei.
Eraikuntza publikoak, Alde Zaharra, Nasa, Erribera, San Ignazio eta Ibaiondon hasiko dira desinfekzio lanekin. Azken egunetan ikusi ahal izan denez herritarrak lehen beharrizanetako erosketak edo kudeaketak egitera joaten direnean gehien erabiltzen dituzten kaleak dira, eta horregatik lehentasuna eman zaie. Ibaiondon, bestalde, anbulategiaren ingurua eta Herri Busaren geralekua ere lehentasuneko guneak dira; anbulategia izango da udalak desinfektatuko duen lehen eraikina.
Udalak herriko txoko guztiak desinfektatuko ditu apurka-apurka. Lehentasunezko guneez gain, zamar edukiontziak dauden espazioak ere desinfektatuko dira. Desinfekzioak egiteko hipoklorito sodikoa da erabiliko dena, urarekin nahastuta, eta ez da kaltegarria ez pertsonentzako ezta animalientzako ere. Gainontzeko herrietan ere produktu berdinarekin ari dira desinfekzio lanetan. Hala eta guztiz ere, udal langileek beharrezko segurtasun neurriekin egingo dute desinfekzioa, besteak beste, buzo zuriekin.
Desinfekzioak sulfatadora bidez eta garbiketarako erabiltzen den ibilgailuaren bitartez egingo dira. Udal brigadako lau langile horretara zuzenduko dira hurrengo egunetan eta egiteko zeuden beste lan batzuk atzeratu egingo dira. Alkateak esan du lehentasunak zehaztea garrantzitsua dela halako egoeretan eta desinfekzioa lehentasuna dela Koronabirusak Ondarroan gogor ez jotzeko.
HONEKIN LOTUTA: